Arkitektura fakultateko irakasle batek egindako eraso sexista salatu dute
Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) eta Arrakala emakume taldeak bideo bat zabaldu dute eraso sexista bat salatzeko. Hain zuzen ere, urriaren 4an EHUko Arkitektura fakultateko irakasle batek hainbat ikasleren kontra egindako erasoa da: “ikasleei zakila bortizki erakutsi zien”. Gaineratu dutenez, ez da lehen aldia irakasleak horrelako eraso sexista bat egiten duela. “Hala eta guztiz ere, irakasleak normaltasun guztiz jarraitzen du klaseak ematen”.
Gertaera hau bi aste beranduago salatzea erabaki dute EHUk ez duelako eraso sexista honen inguruko informaziorik zabaldu. “Unibertsitatearen irudia ez zikintzearren larritasun handiko eraso hau ezkutatu dute”, kritikatu dute. Gertaturikoaren aurrean, UIBk eta Arrakalak erasoa gaitzetsi dute, unibertsitateko langile sektoreen aurka ematen diren erasoak salatzeko beharrean ikusten dutelako euren burua. “Gainera, horrelako egoeren aurrean EHUren organoen zein berdintasun politiken itxurakeria salatu nahi dugu, horrelako erasoen aurrean argi geratu delako azken urteetan bultzaturiko politika horiek ez dituztela baldintza errealak jartzen unibertsitatean erasoak ez emateko”.
Erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute datorren astelehenean, hilaren 25ean, Arkitektura fakultatearen aurrean, 14:30ean.