Hiriko ospitale militarreko kanpaia
200 urteko brontzezko kanpai honek ondorengoa du grabatua: «Donostiako Ospitale Militarra, 1818. urtea».Hirian izandako hainbat ospitale militarretatik igaro ostean, hiriko gertakarien testigu izan da, eta gaur egun, Polizia Nazionalak du gordeta.

1813ko hiriko suntsiketaren eta sarraskiaren ondoren, Donostiako ospitale militarra San Frantzisko komentuan zegoen, El Churrutal izenarekin ezagun zen gunean gaur egungo Zuhaiztin. 1818an leku horretan kanpaia bat instalatu zuten. 1830ean ospitale izateari utzi zion, eraikina monjei itzuli zitzaielako, eta kanpaiaren arrastoa galduta zegoela uste izan da denbora luzez.
Ion Urrestarazu Parada historia dibulgatzaileak, Donostiando blogean, kanpaiaren arrastoa jarraitu eta hiriko ospitale militarren historia berreskuratu du. XIX.mendean, ospitale militarrak kokapen aldaketa ugari jasan zituen, eta ez da erraza arrastoari jarraitzea. Izan ere, izurriteek eta gerrek haren kokalekua zaildu zuten.
Militarrek Jesuiten komentu eta frantziar inbaditzaileen ospitale militar izandako hiriko kartzela zaharrean kokatu nahi zuten ospitalea. Garaiko agintariak, ordea, aurka agertu ziren, beste erabilpen bat eman nahi baitzioten. Gainera, ospitale izateko baldintzak betetzen ez zituela zioten.
Geroago, 1860ko hamarkadan , gaur egungo Ijentea kalean zegoen Baluarte de San Felipe kuartelean instalatu zela jakin da. Harresiak botatzearekin batera, ospitalea desagertu egin zen, eta 1882an, Grosen eraikitzea pentsatu zen, gaur egun San Inazio eliza dagoen lekuan.
Azkenean, San Bartolome gainean kokatu zuten, eta kanpaia ere hara eraman zuten.
Azken lekualdatzea
XX.mendean azken lekualdatzea biziko du ospitaleak, 36ko gerrarekin batera. Atotxako Eskola Publikoaren eraikinera eraman zuten, eta Genereal Mola izena jarri zioten. Mandasko Dukearen pasealekuaren 2. zenbakian zegoen, gaur egun Justizia Jauregia dagoen lekuan.
Mende amaierara arte funtzionamenduan jarraitu zuen, eta kanpaia patioaren izkin batean jarri zuten. General Mola ez zen 36ko gerran jarri zen hiriko ospitale bakarra izan. Harekin batera, beste hiru ireki ziren:Jose Antonio ospitalea Kasino Handian, Generalisimo Franco ospitalea gaur egungo Nazaret zentroan eta Ntra. Sra. de las Mercedes ospitalea Uban. Azken honek, gerra aurretik ere tuberkulosiaren aurkako sendategi gisa funtzionatzen zuen.
Ospitale militarrak 1982an itxi zituen ateak, eta eraikina Polizia Nazionalaren kuartel bihurtu zen, Aldapetakoa birmoldatzen ari ziren bitartean. Ospitale zaharra eraistea erabaki zuten arren, Polizia Nazionalak kanpaia mantentzea erabaki zuen, objektuaren garrantzi historikoa dela eta. Segurtasuneko talde operatibo berezi batek jaso zuenkanpaia patiotik, hasierako argazkian ikusi daitekeen moduan.
1993an polizia zientifikoak kanpaia zaharberritu eta gorde eginzuen. Gerora, ordea, ahaztuta geratu zen bazter batean. Polizia Nazionala Urumea pasealekuko egoitzara lekualdatu zutenean, berriz agertu zen, eta, hemendik gutxira, Loiolako Kuarteleratze Areto Historikoan jarriko dute ikusgai.