Euskal Herriko taldeek izena eman dezakete dagoeneko Jazzaldiaren tokiko taldeen hautaketa prozesuan
Jazzaldiko antolatzaileak 2022ko 57. Jazzaldira begira jarri dira –uztailaren 21etik 25era izango da–, eta tokiko taldeen hautaketa prozesua abiatu dute dagoeneko. Hain zuzen, izena emateko epea ireki dute, eta azaroaren 25era arte, Euskal Herriko jazz estiloko edo jazzarekin harremana duten beste estiloetako taldeek prozesuan parte hartu dezakete, jaialdiaren webgunean izena emanda.
Aurkezten diren proiektu guztien artean, antolatzaileek hamabost hautatuko dituzte, “aurkeztutako musikaren kalitatea eta Jazzaldiaren programazio estilora zenbateraino egokitzen diren kontuan hartuta”. Hamabost talde edo bakarlari horiek hiriko hainbat klub eta areto txikitan joko dute 2022ko urtarriletik apirilera –data eta leku zehatzak oraindik ez dituzte publiko egin–, eta ikusleen harrera aintzat hartuta, jaialdiko antolatzaileek hamar onenak aukeratuko dituzte, uztailean 57. Jazzaldian jo dezaten.