Sexu langileen eskubideen alde mobilizatu dira
Putas en lucha kolektiboak elkarretaratzea egin zuen ostegun arratsaldean Donostiako Bulebarrean, Ez da abolizioa, kriminalizazioa da lelopean. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek berriki esandakoa izan zuten hizpide: “Adierazi zuen Mozal Legea zein lan erreforma indargabetzeko konpromisoa, horrela, bide batez, gure herrialdean prostituzioa indargabetzekoa ere bai”. Ordea, beste konpromiso batzuk “ahaztu” zituela salatu zuten: “Atzerritarrei buruzko legea indargabetzea eta erabat erreformatzea, benetako trans lege handinahia onartzea, trans kolektiboaren (estatukoa zein migratzailea) beharrei erantzuteko eta benetako baliabideak emateko, eta, azkenik, dagozkion ministerio guztien eta sexu talderen ordezkarien arteko topaketak egitea”.
Horrela, “soilik bai da bai” delako legearekin kritiko agertu ziren: “Legea onartuz gero, sexu langile denei salerosketa delitua leporatu dakieke; izan ere, legeak ez du benetan bereizten zer den trata eta zer ez, baizik eta gure ingurunearekin dugun harreman oro salerosketarekin erlazionatuko da (idazkaria, gidaria, bizi garen lekuan alokairua kobratzen eta antolatzen duena)”. “Beste lanbideetan erabat normalizatuta dauden harremanak kriminalizatu eta epaitzen diren lan bakarra da lan sexuala, beti ere ikuspegi moral batetik”, gaineratu zuten.
Horregatik, gizartearen babesa eskatu zuten, Espainiako Gobernuarekin bildu ahal izateko: “Pedro Sanchez eta Irene Montero: utzi gure eskaerei entzungor egiteari, gu, sexu langileok, hitz egiten ari baikara, baina entzuten ari ez baitzarete”. “Bestela, gure kolektiboaren oinarrizko eskubideak erabat mespretxatzen dituztela erakutsiko dute, eta gure ingurunea prekarietatera, klandestinitatera, marjinaziora eta kriminalizaziora kondenatu zituzten politikarien moduan pasako dira historiara. Prostituzioa ez da delitu bat, eta ez da inoiz izan; kolektibo oso bat itotzen saiatzeak, beren diru iturri nagusiari muzin egin diezaioten, izen bakarra du: xantaia”, gehitu zuten.
Era berean, euren eskubideak bermatzeko, Atzerritarren Legea indargabetzearen garrantzia nabarmendu zuten: “Lankide batek prostituzioan jarduteari utzi nahi badio, beste lan aukera batzuk izatea nahi dugu, eta ez gaur egun eskaintzen dena. Atzerritarren Legea indargabetzea nahi dugu, lege horrek migratzaileen aurkako salerosketa eta indarkeria iraunarazten jarraitzen baitu. Poliziak eta Espainiako Gobernuak gu jazartu gabe lan egin nahi dugu. Bada garaia sexu langileok edozein langilek bezala, eskubideak eskura izateko”.