Uliako naturaz gozatzeko orientazio saioa antolatu dute
Hilaren 30ean, datorren asteko larunbatean, orientazio kirolean sakontzeko aukera izango da Ulia mendian, Gipuzkoako Orientazio Taldearen eta Cristina Enea Fundazioaren eskutik. Ulia bezalako naturagune pribilegiatu batean naturak eskaintzen dizkigun baliabidee eta erreferentziei erreparatuz, orientatzen ikasiko dute parte hartzaileek, kirola eta trebezia uztartzen dituen jardueran.
Saioa goizeko 09:30ean hasiko da, Ulia interpretazio Zentroan, eta GOTeko kideekin batera, orientazioa kiroleko trikimailu eta xehetasunak ikasiko dituzte parte hartzaileek. Jarduera 13:30 aldera amaituko da. Izen-ematea irekita dago.
“Badira bi urte Ulia Interpretazio Zentrotik orientazio zirkuitu egonkorrak proposatzen ditugula, nork bere kabuz egin ahal dituenak, eta jardueraren arrakasta ikusita, pausu bat gehiago ematea pentsatu dugu”, adierazi du Oihana Orkolaga Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak. Izan ere, gero eta ohikoagoak dira mendi eta udalerrietan orientazio zirkuituak egiteko aukera eskaintzen dituzten proposamenak, bakoitzaren maila eta gaitasunei egokitutakoak. “Guk, esaterako, Cristina Enea Fundaziotik 2 kokalekutan eskaintzen ditugu orientazio zirkuituak; Uliakoa hau eta Cristina Eneakoa”.
Inguruan sortzen ari diren gisa bereko ekimenei erreparatuta, eta jendeak zirkuitu horietan gehiago sakontzeko asmoarekin, Ulian saio berezia antolatu du Orkolagak: “Ez da hastapen jarduera bat izango, baizik eta orientazio zirkuituak ezagutzen eta gustatzen zaizkien lagunei zuzendutako ekintza, nork bere marka pertsonalak eta trebezia hobetzera bideratuta”. Horrela, Gipuzkoako Orientazio Zirkuituko (GOT) lagunen elkarlanarekin, eta beren esperientziari esker, “orientazio-ibilbideak zehaztasun handiagoarekin erabakitzen lagunduko digute”.