Gipuzkoako zahar etxeetako egoera salatzeko beste bi greba deialdi egin dituzte
Hilaren 28an eta azaroaren 12an greba egingo dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. Bizi duten egoera larria ezagutarazi eta lehenbailehen irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatu dute LAB eta ELA sindikatuek eta Gipuzkoako Senideak elkarteak.
ELAk adierazi duenez, 252 greba egun ondoren, Gipuzkoako zahar etxeetako langileek borrokan jarraitzen dute eta berriro ere lan baldintza eta zaintza eredu duinak eskatzera aterako dira kalera. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak “dagokion ardura hartu ezean”, mobilizatzen jarraituko dutela nabarmendu dute. Hala, gaur, elkarretaratzeak egin dituzte zahar etxeetan: Villa Sacramento, Berra, Txara I eta II, Zubiaurre, San Ignacio, San Jose eta Alai Etxen.
LABen hitzetan, Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera “lotsagarria” da: “urteak daramazkigu sektoreko errealitatea zein den salatzen, baina erakunde eta enpresen jarrera ikusita, badirudi gatazka langile, egoiliar eta hauen senideena dela soilik. Baina guk zerbait argi badugu honakoa da: egoera honek jendarte guztiari eragiten diola”. LABentzat gatazka honi irtenbide bat emateko ezinbestekoa da herrialdeko hitzarmenaz eta langileen kopurua zehazten duten ratioen katalogoaz hitz egitea. “Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, osasun larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta administrazio publikoari zein patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exijitzeko momentua da”.