Udalak plaka bat jarri du Juan Manuel Garcia Corderoren omenez
Juan Manuel Garcia Cordero omendu du Donostiako Udalak. Telefonicako ordezkari probintziala izan zen, eta 1980an bahitu eta tiroz hil zuen Komando Autonomo Antikapitalistak. Haren omenezko plaka Familia Santua kaleko 5. zenbakian jarri dute gaur 12:00etan egindako ekitaldian. Omenaldia xumea izan da eta udal taldeetako ordezkariek parte hartu dute.
Corderok 53 urte zituen erail zutenean. Etxetik ateratzean bahitu eta haren gorpua Ulian aurkitu zuten 1980ko urriaren 23an, zuhaitz bati kateatuta, tiro batekin. Corderoren omenaldiarekin hamalau dira udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak.