EH Bilduk salatu du udal gobernuak idazkaria, kontu hartzailea eta diruzaina zuzenean izendatuko dituela
“Eneko Goiak beste aurrerapauso bat emango du bihar bere gobernantza ereduaren joera antidemokratikoan”, salatu du EH Bilduk. Biharko Tokiko Gobernu Batzordean lanpostu batzuk izendatzeko prozedura aldatuko dutela nabarmendu du udal taldeak. “Zehazki, prozedura berri honek idazkariaren, kontu hartzailearen eta diruzainaren kontratazio prozesuak aldatuko ditu”. Hau da, lanpostu horiek “lehiaketa publikorik gabe” egingo direla adierazi dute.
“Oso aldaketa kezkagarria da idazkaritzak autonomoa izan behar duelako, une bakoitzean dagoen gobernu taldearen kolorea edozein dela ere. Gainera, idazkaritzak lege aholkularitza eman behar dio osoko bilkurari, oposizioari barne, ez bakarrik udal gobernuari. Ez dakigu bere interesekin bat datorren norbait izendatzeko erabiliko duen Eneko Goiak aldaketa hau. Aipatu behar da lanpostu horietako batzuk bete gabe gelditzear daudela, egungo titularren erretiroagatik”, azaldu du EH Bilduk.
EAJren eta PSE-EEren jokabidea salatu du udal taldeak. “Orain arte, lanpostu horiek betetzeko sistema lehiaketa bidezkoa zen. Tokiko Gobernu Batzordera eramango duten akordio proposamenak horrela dio: kontuan hartuta lanpostu horiek eginkizun berezi, garrantzitsu eta konplexuak dauzkatela adjudikatuta, komeni da hornikuntza sistema gisa izendapen askeko sistema ezartzea”.
Aipaturiko lanpostuak “funtsezkoak” direla dio EH Bilduk, “hauen irizpideak erabakigarriak baitira arau, ordenantza eta abarren legezkotasuna ziurtatzeko”. Eta lanpostu horiek betetzen dituzten “pertsona zehatzak oso garrantzitsuak” direla gaineratu dute, “udal desberdinetako idazkarien arteko irizpide kontrajarriak ez baitira gutxi izaten”.