Donostian 91 hegazti espeziek egiten dituzte habiak
Donostiako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostian habiak egiten dituzten hegaztien azterketa egin dute, Hegazti habiagileen atlasa argitaratu dute. “Donostian hegazti espezie ugari daude, eta beharrezkoa da horiek babestea eta ezagutzea. Ornitologia aberastasun hori zabaltzea funtsezkoa da, ez bakarrik herritarrek zer espezie mota ditugun jakin dezaten, baizik eta baita espezie horiek zaintzeko eta babesteko beharraz kontzientziatzeko ere. Horixe da Aranzadiren lan osatu honek dakarren balio erantsia”, adierazi du Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak.
Guztira 91 hegazti espezie habiagile atzeman dituzte hirian, tartean Europako espezie mehatxatuen edo kontserbaziorako espezie lehenetsien zerrendetan agertzen diren hamabost espezie. Udalak esan du “nabarmentzeko modukoa” dela, Gipuzkoan 125 hegazti espezie habiagile daudelako.
Espezie mehatxatu horien artean, miru gorria, ubarroi mottoduna, txirritxo txikia eta uhalde enara daude, eta aipatzekoak dira baita ere antzandobi arrunta eta landa txolarrea, oso urriak baitira udalerrian zein autonomia erkidegoan. Bestalde, Donostiako espezierik ohikoena etxe txolarrea da, 28.000 alerekin. Haren atzetik daude zozo arrunta eta txantxangorri europarra, bakoitzeko 10.000 alerekin. Kaskabeltz handia ere nahiko ohikoa da, 3.000 ale inguru baitaude udalerrian.