Lan erreforma indargabetzea eta pentsioak ez murriztea eskatu du ELAk
ELAk manifestazioak egin zituen atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, EAJ, EH Bildu eta Podemosi Espainiako Parlamentuan lan erreforma indargabetzea eta pentsioak ez murriztea aldarrikatzeko. Europako Funtsen truke, Europar Batasunak hainbat erreforma egitea eskatu diete estatuei, eta horren aurka agertu da ELA. Mezu zuzena bidali diete EAJ, EH Bildu eta Podemos alderdi politikoei: “Ez gaitzazue Madrilen saldu”.
“Erreforma horiek Euskal Herritik baldintzatu daitezke, eta alderdi horiek gure herrialdeko ehunka mila pertsonaren lan eskubideak eta pentsioak defendatzeko ardura dute”, adierazi du ELAk. Bestalde, euskal sindikatuko idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntzak, datozen asteetan jokoan “asko dagoela” azpimarratu du: “Hamarkada bat daramagu azken pentsio eta lan erreformen ondorio latzak pairatzen. Orain datoz Europar funtsak, eta ez dira opari bat, mehatxu bat baizik. Aurreko krisian diru publikoa bankuetara joan zen; orain asmoa da dirua enpresa handietara bideratzea, eta horren truke gobernuak lan erreforma ez indargabetzea eta pentsioak murriztea. Horixe da Sanchezek eta EBk egin duten tratua”.
Datozen asteetan mobilizazioak egiten jarraituko dutela adierazi zuen Lakuntzak: “ELAk bere esku dagoen guztia egingo du; horregatik sindikatuak prest egon behar du greba orokorrerako. Lan baldintzak eta eskubide sozialak arriskuan daudenean, geldirik egotea, isilik egotea ezin da sekula aukera bat izan sindikatu batentzat. ELAk betidanik egin izan duena egingo du: langile-klasearen interesei emango die lehentasuna“.