'3,2,1 ... ekin!' gazteentzako I. Bideo lehiaketa abiatu du Bagera Elkarteak
Donostiako 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako bideo lehiaketa berria abiatu du Bagera Elkarteak. Erronka bideo tutorialak grabatzea izango da, parte hartzaileek beraien jakintza modu didaktikoan azaldu beharko baitute.
Gazteak banaka edo taldeka parte hartu dezakete, eta talde bakoitzeko parte hartzaile kopuruak eta aurkez daitezkeen bideo kopuruak ez du mugarik izango. Bidalitako lanak gutxienez minutu bateko eta gehienez hiru minutuko iraupena izan beharko du. Formatuari dagokionez, Hauek dira onartzen direnak: “.mov”, “.mpeg4”, “.mp4”, “.avi”, “.wmv”, “mpegps”, “.flv”, “.3gpp”, “Webm”, “DNxHR”, “ProRes”, “CineForm”, “HEVC (h265)”. Lanek, gehienez, 60MB-ko pisua izan beharko dute. Hizkuntza arloan, berriz, euskarazko audio mintzatua izan beharko dute eta euskararen erabilera ez formala sustatuko da.
Lana baloratzeko garaian, hizkeraren egokitasuna, originaltasuna eta lanaren kalitate teknikoa hartuko dira kontuan. Azaroaren 5etik abenduaren 17ra bitartean bagera@bagera.eus helbidera bidali beharko da lana. Ikusleek bideoak bozkatzeko aukera izango dute abenduaren 20tik abenduaren 27ra Bageraren webgunean, eta sari banaketa urtarrilaren 14an egingo da. Informazio guztia bagera.eus webgunean dago eskuragarri.