Gorka Urbizuk girotuko du Realaren eta Athleticen arteko derbia
Realak duela hilabete inguru abiatu zuen Reala Zuzenean egitasmoa, Anoetako partiden atarian eta atsedenaldian estadioan zuzeneko musika izateko. Orduan arrakasta izan zuen proiektuak, eta zuzeneko musika Anoetara itzuliko da igande honetan, Realaren eta Athleticen arteko derbian. Hain zuzen, Berri Txarrak taldea zeneko abeslari Gorka Urbizuk joko du. Derbia igandean izango da, hilaren 31n, 21:00etan.
“Derbia berez girotzeko bermea bada, euskal rockaren izar horren emanaldiak hamar aldiz biderkatuko ditu harmailetako dezibelioak. Derbia hasi baino minutu batzuk lehenago, Gorka Urbizuk dagoeneko musikaren historia bihurtu diren hainbat abesti joko ditu. Zalantzarik gabe, gure kultura eta futbola egun aproposenean uztartzeko modu bikaina: zaleak derbira itzultzea”, adierazi du klub txuri-urdinak. Era berean, zaleei denborarekin joateko gomendatu diete, Urbizuren emanaldiaz gozatzeko.