Minbiziaren aurkako martxa solidarioa Donostiara itzuliko da
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen (AECC) urteroko martxa zazpigarrenez egingo dute Donostia, azaroaren 7an, eta martxa nordikoaren modalitatea izango da berritasun nagusia. Normalean ez dute data horretan egiten, baina pandemia dela eta, egokitu behar izan dute.
Alde batetik, sei kilometroko lasterketa egingo dute, Konstituzio plazatik abiatuta, 10:00etan; leku berean amaituko da, Pasealeku Berritik eta Zurriola etorbidetik pasa ostean. 600 dortsal daude eskuragarri dagoeneko, Kirolprobak.com webgunean, 15 euroren truk (kamiseta barne). Lehenengo hiru sailkatuentzat eta elkarteko lehenengo bazkidearentzat garaikurrak banatuko dituzte, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan.
Bestalde, herritar guztientzako martxa irekia ere egingo dute, 12:00etan, Alderdi Ederretik abiatuta eta han bertan amaituz. Hiru kilometroko distantzia izango du martxak, eta parte hartu nahi dutenek dortsal solidarioak eskuratzeko aukera dute, aipatu webgunean, 3 euroan. Berrikuntza gisa, martxa nordikoaren modalitatea sartu dute aurten. Horrez gain, lasterketara edo martxara joaterik ez dutenek, 5 euroko dortsal solidarioak eskuratu ditzakete webgune berean, Gipuzkoako AECC-ri laguntzeko. Izan ere, egitasmoan biltzen duten dirua minbizia duten pertsonei laguntzeko eta elkarteak pazienteei eta haien senideei doan eskaintzen dizkien zerbitzuak mantentzeko erabiliko dute, hala nola, terterapia psikologikoa, material ortopedikoaren mailegua, ospitaleetan laguntzea, ospitaleratuta dauden pertsonen senideentzako harrera pisua eta laringektomizatuentzako logopedia.