'Birritan bortxatua' antzerki emanaldia eskainiko dute ostiralean Kontadoresen
Aldatzen Laguntzen antzerki konpainiak sortutako Birritan bortxatua antzezlana eskainiko dute urriaren 29an, ostirala, Kontadoresen. Aktoreak Saioa Royo eta Ion Martinez donostiarrak dira.
Fikziozko antzezlan da eta errealitatean gertatutako hainbat bortxaketetan oinarritzen da. Interneten denon eskura eta ikusgai dauden epaiketa ezberdinetako testigantzetatik atera dute informazioa. Antzezlanak Nagoreren historia kontatzen du: Nagore, 44 urteko emakumea, bortxatua izan da herriko festetako gau batean, eta salaketa jartzea erabakiko du. Epaiketan zehar bizitakoak kontatzen dituzte.
2020ko otsailean aurkeztu zen Gazteszenan, eta hedabide honek obraren aktoreak elkarrizketatu zituen: “Oso estilo zuzena erabili dugu”. Aktoreen hitzetan, Nagore Laffageren eta La Manadaren kasuetan oinarritu dira gehienbat.
Sarrera librea izango da, eserleku guztiak bete arte. Donostiako emanaldiaren ostean, beste zazpi emanaldi eskainiko dituzte Euskal Herriko herri desberdinetan.