EH Bilduk Antondegira martxa antolatu du bertako biodibertsitatea babesteko eskatzeko
Donostiako EH Bilduk mendi martxa antolatu du azaroaren 7rako, Antondegin Surf-park bat? Ez, eskerrik asko. Eremu naturalaren artifizializazioari stop lelopean. Bi hitzordu desberdin izango dira, bata, 11:00etan Loiolako Latsari plazan eta bestea, 11:30ean Antondegiko sarreraren ondoan. Bi puntu horietatik abiatuz, bisita gidatu moduan egingo dute martxa: alde batetik, ingurua ondo ezagutzen duen pertsona batek Antondegiren biodibertsitatearen balioa azalduko du, eta bestetik, bizilagun batek gaur egun eremu horretan garatzen ari diren jarduerak azalduko ditu.
EH Bilduren ustez, Antondegi artifizializatzeak 2020ko martxoan udal gobernuak onartu zuen Donostiako Larrialdi Klimatikoaren deklarazioa “lurperatzea” suposatu du. “Klima Larrialdiaren Adierazpenari lotutako ekintza proposamena” dokumentuan, “Lurraldea” atalean, besteak beste, ondorengoa jasotzen da: “Lurralde berrien okupazioa murriztea eta 2010eko Plan Orokorrean urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoru batzuk egikaritzeari uko egitea”. Antondegin, EAJ-PSEk deklarazioan aldarrikatzen dutenaren “aurkakoa” egin nahi dutela uste dute.
Era berean, martxa COP26 gailurrarekin batera egingo dela nabarmendu du alderdiak. Nazio Batuek sustatutako gailur honen helburu nagusia igoera termikoa 1,5 gradutara mugatzea da. EH Bilduren hitzetan, “kontua ez da klima-aldaketa izango den ala ez, hori murrizteko neurriak hartzea baizik”. “Eta horrek esan nahi du Donostian, hemen eta orain, besteak beste, Antondegi eta oraindik artifizializatu ez diren beste eremu berdeak ez okupatzea; eta are gutxiago gure hiriaren turistifikazio prozesua areagotzen duen surf-parke bat ezartzeko”.