"Duela urtebete baten batek halako aktoreekin lan egingo nuela esan izan balit ez nioke sinistuko"
Sua Enparantza gazte donostiarra Pausoka ekoiztetxearen 'Irabazi Arte' telesail berriaren pertsonaia nagusia da. Izatez, dantzan aritu da txikitatik, eta aurten telebistara egin du salto. Irutxuloko Hitzak elkarrizketa egin dio bere esperientzia eta ibilbidea ezagutzeko asmoz eta bihar argitaratuko webgunean eta astekarian.
Dantzatik nola sartu zara antzerkigintzan?
Batxiler artistiko-plastikoa egin nuen Usandizaga Institutuan. Nik berez Batxilergo eszenikoa egin nahi nuen, baina Gipuzkoan ez dago aukerarik, eta azkenean artistiko-plastikoa egitea erabaki nuen. Izan ere, marraztea ere gustuko dut.
Bertan, eskolaz kanpoko jarduera moduan antzerkia egiteko aukera ge- neukan. Aurretik ez nuen sekula probatu, baina taldean sartzea erabaki nuen antzerkigintza zer zen ezagutzeko. Izugarri gustatu zitzaidan, baina pandemiak bete-betean harrapatu gintuen,
eta ezin izan genuen jendaurreko emanaldirik egin. Zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan, eta zerbait gehiago egiteko gogoa piztu zitzaidan.
Orain, Irabazi Arte telesailean parte hartzeko aukera izan dut, eta ikasketak ere horretara bideratzea erabaki dut. Antzerkia eta arte eszenikoak ikasten ari naiz orain Donostian.
Udako hilabeteak Irabazi Arte telesaila grabatzen igaro dituzu. Lehen aldia izan da halako zerbait egiten zenuena?
Bai, niretzat eromena izan da. Bi hilabeteko grabaketa izan da, baina aurreko entseguak kontuan hartuta, guztira hiru hilabetez aritu naiz horretan.
Sua Enparantzak eta bere anaiak pasa den urtarrilean Sarek antolatutako manifestazio osteko ekitaldian jo zuten.
Niretzat aldaketa handia izan da. Selektibitatea amaitu eta hurrengo egunean hasi nuen prozesua, beraz ez dut asimilatzeko astirik izan. Gogorra eta sutsua izan da, baina sekulako lanketa eta ikasketa prozesua izan da.
Pertsonaia nagusia izatea espero zenuen?
Hasieran ez nuen espero. Deitu nindutenean, Arene izango nintzela esan zidaten, eta harrituta geratu nintzen. Inork ez zidan lehenago esan protagonista izan nintekeenik. Hasieran zera pentsatu nuen: ‘Zer ari naiz egiten ni hemen?’. Baina, izugarrizko esperientzia izan dela esan beharra daukat.
Esperientziadun aktoreekin aritu zara lanean.
Izugarrizko zortea izan da niretzat. Esaterako, Iker Galartza eta Jose Ramon Soroiz izan ditut alboan. Duela urtebete baten batek halako aktoreekin lan egingo nuela esan izan balit ez nioke sinistuko. Hasiberriak diren hainbat kide izan ditut ondoan, eta gainerako lankideek asko erakutsi digute, asko ikasi dugu haietaz.
Iker Galartza, esaterako, nire entrenatzailea da telesailean. Gauza txikiak esaten zizkidan: ‘Hau egin modu horretan, edo beste hori honela’. Hala ere, garrantzi handiko aholkuak ziren beti. Izugarri ikasten da haiekin. Zoragarria izan da.