Etxegabetze prozesu bat gelditu dutela jakinarazi du Stop Kaleratzeak plataformak
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzea egin du gaur Askatasunaren Hiribidean, BBVA banketxearen aurrean. Lehen Auzialdiko 7. zenbakiko epaitegiaren ebazpenaren berri eman dute. Izan ere, BBVA-k eskatutako hipoteka-betearazpenaren demanda artxibatu dute eta Felixek, Donostiako pentsiodun bat, ordaindutako etxebizitzaren gainean egindako enkantea ezeztatu dute.
Plataformako kideak “pozik” daudela adierazi dute, “epai aitzindaria” izan baita. “Felixek dagoeneko ordainduta duen etxebizitza berreskuratzea ahalbidetzen du honek”. Felixek hiru kuota ordaindu gabe uztegatik, BBVA-k 2019ko urtarrilean hipoteka-betearazpenaren demanda jarri zuen, eta gaur bertan behera geratzea lortu dute. Horrez gain, kaleratze arriskuan dauden beste bi emakumeren kasuak salatu dituzte. Bi emakumeak, 2008ko finantza-krisiaren iruzurraren kaltetuak dira: “Krisi horretan, milaka guraso eta aitona-amonek, ondorioak jakin gabe, beren seme-alaben maileguak ordaindutako etxebizitzekin abalatu zituzten; zorrik gabeko pertsonak dira, eta beren bizitzaren amaieran, pentsio apalekin, bankuek demandak jartzen dituzte beren etxebizitzak enkantean jartzeko eta ondoren kaleratzeko”, salatu dute.
Egoera antzekoan dauden pertsonei plataformarekin harremanetan jar daitezen eskatu diete.