Gipuzkoako zahar etxeetako langileek bilera eskaera egin diote Aldundiari
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek greba eguna izan dute gaur, bizi duten egoera larria ezagutarazi eta lehenbailehen irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko. ELA, LAB eta Gipuzkoako Senideak elkarteak egin dute deialdia eta azaroaren 12rako beste greba deialdi bat egin dute.
Goizeko 8:00etan pikete informatiboa egin dute Txara I egoitzaren aurrean, eta 11:00etan Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, bilera eskaera formal eta publiko bat egin diote. Bertan, Txara I egoitzan egindako ikuskapenak gaur egungo zaintza sistemaren gabezia estrukturalak agerian utzi dituela salatu dute. Gaurkoan ere, %100eko zerbitzu minimoen bitartez grebarako eskubidea urratu dietela nabarmendu dute eta azkenik, Ratioen Katalogoa 20006. urtetik aldatu gabe dagoela salatu dute.
11:30etan manifestazioa abiatu dute Gipuzkoa Plazatik, Lan hitzarmena orain. Gipuzkoako erresidentziak greban lelodun pankartarekin, eta Bulebarrean amaitu dute.
LABentzat “2006. urtetik berritu ez den Ratioen Katalogoa aldatzea marra gorri bat” dela adierazi du. “Gehiegizko lan kargak eta egoiliarrak behar bezala artatzeko langile falta ukaezinak dira. Egoiliarrek jasotzen duten zerbitzua ez ezik, langileen lan baldintzak hobetzeko ere ratioak aldatu beharko dira”.
ELAk salatu duenez, egoitzetako egoera ona dela dio Aldundian, langileek “bere errealitate gogorraren” testigantzak ematen ari diren arren. “Errealitate idilikoa saldu nahi digute, non langile bakoitzari soilik bi egoiliar dagozkion; alabaina, ratioen inguruko foru dekretuak berak batez beste zaintzaile bakoitzak 13 erabiltzaile artatu behar dituela ezartzen du. Non geratzen dira langileko bi erabiltzaile horiek?”.
ELAk eta LABek gatazka honi irtenbidea bilatzea “urgentziazkoa” dela uste dute, eta azaroak 12an berriz ere kalera irtengo direla nabarmendu dute.