Itxi dute Egiako tunela
Iritsi da eguna: AHTaren Atotxako geltokiko lanak direla eta, Egia eta Erdialdea lotzen dituen tunela itxi dute, eta 2024ko urtarrilera arte itxita egotea aurreikusten dute. Behin tunela itxita, orain hasiko dira trenaren hiru terminaletatik lehenengoa eraikitzen. Atotxako geltokia birmoldatzeko lanak bukatzean, Egiako azpiko pasabidea handituko dute, eta ohiko sarearen eta abiadura handiko nasetara sartzeko atari berrien arteko lotura egingo dute. Bestalde, tunelaren itxierak irauten duen bitartean, irekita mantenduko dituzte tren geltokira daramaten espaloiak eta autobus geltokiaren sarbidea.
Haren ordezko goiko behin-behineko pasabidea hilaren 13an ireki zuten. Egia eta Erdialdea lotzen ditu, eta alde bakoitzean igogailu bana du. 51,2 metroko luzera eta hiru metroko zabalera du. Pasabidearen Egiako sarbidea Blas de Otero plazaren ondoan dagoen trenbide plataformaren ertzean dago. Aldiz, Erdialdeko sarbidea Frantzia pasealekuaren 21. zenbakian, Terminus hotelaren ondoan.