Marrutxipiko lotune berriaren inguruan hitz egin dute bizilagunek aldundiarekin, eta pozik atera dira bileratik
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022ko lehen hiruhilekoan aurreikusten du Marrutxipiko lotune berriaren lanekin hastea, ekialdeko eta mendebaldeko sarrera eta irteera mugimendu guztiak bere gain hartzeko. Proiektuaren jarraipena egiteko, Marrutxipi bizilagunen koordinakundea sortu dute, eta eragile horrek aldundiari helarazitako kezken aurrean, aldundiko teknikari batzuk koordinakundeko ordezkariekin bildu dira gaur, hilaren 29an.
Ordezkariek sare sozialetan argitaratutako bideo batean azaldu dutenez, “pozik” atera dira bileratik, “planteatutako hainbat arazo kontuan izan dituztelako”. Esaterako, adierazi dute aldundiko teknikariek kutsadura akustikoaren kontua aintzat hartu dutela, eta “xehetasunak” eman dizkietela. Izan ere, gaur egun kutsadura akustikoa murrizteko pantailak daude Mons pasealekuan, eta bizilagunen kezketako bat da lotune berriarekin ez ote dituzten pantaila horiek kenduko, eta, beraz, ez ote den kutsadura akustikoa areagotuko.
Koordinakundearen beste kezketako bat autobusena zen, baina horrekin ere lasaiago atera dira bileratik: “Planteatzen genituen arazo nagusienetako bat zen Mons pasealekutik pasatzen diren hiru autobus lineak hortik pasatzeari utziko ziotela. Esan digutenez, hiru linea horiek hortik pasatzen jarraituko dute, guk eskatzen genuen moduan. Hala ere, ibilgailu partikularrek ezingo dute hortik pasa, beste ibilbide bat egin beharko dute”.
Era berean, nabarmendu dute proiektua Intxaurrondoko goiko partearentzat bereziki “onuragarria” izango dela: “Trafikoa murriztuko da zona horretan; Ategorrietara jaisten den bidera joango da zirkulazio gehiena”. “Argi izan behar dugu asko kalte handiak jasango ditugula bi urtez; ordea, denok dakigu etxean obra bat izatea gogorra dela, baina gero onuragarria dela”, gaineratu dute.