"Niretzat dantza arnasgune bat da"
Dantzan, antzerkian eta musikan aritzen da Sua Enparantza Alustiza gazte donostiarra (Antigua, 2003). Betidanik izan da artearekin harremanetan, eta aurten telebistara egin du salto. Pausoka ekoiztetxearen 'Irabazi Arte' telesail berriaren pertsonaia nagusia da. Ama galdu berri duen neska gazte bat antzezten du, herrian nesken futbol talde bat sortzen nahian dabilena. Otsailera arte, ordea, ez dute telebistan estreinatuko. Gaztetasunak ez dio mugarik jarri, hamaika gauza egin baititu eta beste hainbeste egiteko ilusioz dago. Uda honetan, telesaila grabatzeaz gain, Kukai Dantza Taldearekin batera ibilbidea abiatu du. Haiekin entseatzen eta pixkanaka emanaldietan parte hartzen ari da.
Nondik datorkizu artearekiko zaletasuna?
Nire etxea artistaz beteta dago, eta izugarrizko babesa izan dut beti. Ama abesbatzetan aritzen da, eta nire anaia musikaria da. Nik, ordea, dantza aukeratu nuen txikitatik eta beti sentitu dut babesa.
Dantzatik nola sartu zara antzerkigintzan ?
Batxiler artistiko-plastikoa egin nuen Usandizaga Institutuan. Nik berez Batxilergo eszenikoa egin nahi nuen, baina Gipuzkoan ez dago aukerarik, eta azkenean artistiko-plastikoa egitea erabaki nuen. Izan ere, marraztea ere gustuko dut.
Bertan, eskolaz kanpoko jarduera moduan antzerkia egiteko aukera geneukan. Aurretik ez nuen sekula probatu, baina taldean sartzea erabaki nuen antzerkigintza zer zen ezagutzeko. Izugarri gustatu zitzaidan, baina pandemiak bete-betean harrapatu gintuen, eta ezin izan genuen jendaurreko emanaldirik egin. Zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan, eta zerbait gehiago egiteko gogoa piztu zitzaidan.
Orain, Irabazi Arte telesailean parte hartzeko aukera izan dut, eta ikasketak ere horretara bideratzea erabaki dut. Antzerkia eta arte eszenikoak ikasten ari naiz orain Donostian.
Eta musikari dagokionez?
9 urterekin gitarra jotzen hasi nintzen, eta 13 urte bete nituen arte aritu nintzen horretan. 15 urterekin berrartu nuen berriz. Izan ere, nire anaietako bat musikaria da, denetarik jotzen du. Harekin batera abestiak sortzen eta bertsioak egiteari ekin nion.
Berrogeialdian Instagram kontu bat sortu genuen gure abesti eta bertsioak zabaltzeko. Horri esker, Iker Laurobarekin batera motxiladun umeentzako abesti bat grabatu genuen.
Musika, antzerkigintza eta dantza. Zeinekin konektatzen duzu gehiago?
Zalantzarik gabe dantza dut gustukoen. Telesaila egiteagatik jende askok galdetu dit ea orain antzerkigintza den nire zaletasun nagusia, baina ez. 5 urterekin hasi nintzen dantzan, eta niretzat hiru horietatik garrantzitsuena da.
Guztiz askatzen naiz dantzatzen naizenean. Antzerkigintzan, berriz, oraindik hasiberria naiz eta bide luzea daukat aurretik. Musika ere gustuko dut, baina zaletasun moduan ikusten dut.
Dantzaren barruan zein dantza mota egiten dituzu?
Euskal dantza egiten hasi nintzen txikia nintzela, baina ondoren, jazza, hip hopa eta balleta ere egin ditut. Hip hopeko talde txapelketan parte hartu izan dut, esaterako.
Gerora, Euskal dantza tradizionala eta garaikidea lantzen hasi nintzen Oinkari Dantza Taldean. Orain, dantza garaikidean gehiago trebatzen nabil.
Udako hilabeteak Irabazi Arte telesaila grabatzen igaro dituzu. Lehen aldia izan da halako zerbait egiten zenuena?
Bai, niretzat eromena izan da. Bi hilabeteko grabaketa izan da, baina aurreko entseguak kontuan hartuta, guztira hiru hilabetez aritu naiz horretan.
Niretzat aldaketa handia izan da. Selektibitatea amaitu eta hurrengo egunean hasi nuen prozesua, beraz ez dut asimilatzeko astirik izan. Gogorra eta sutsua izan da, baina sekulako lanketa eta ikasketa prozesua izan da.
Nolatan erabaki zenuen castingera aurkeztea?
16 urterekin Go!azen-erako castinga egin nuen. Dantza, musika eta aktore lana uztartzen ditu, eta neure burua ikus nezakeen horretan. Azken faseraino iritsi nintzen, baina urduritasunak ez zidan proba ondo egiten utzi…
Urtebete beranduago, berriz deitu zidaten Go!azen-erako beste pertsonaia bat zutela esanez. Aldi berean, Irabazi Arte telesailerako castingak hasi ziren, eta bietan hartu nuen parte. Aurrez aurreko fasea iritsi zenean, futbolaren inguruko telesailerako nahi nindutela esan zidaten. Nik ez nuen ezer ulertzen eta nahastu egin zirela pentsatu nuen une horretan. Baina faseak pasatzen joan nintzen eta hemen amaitu dut.
Batxilergoko bigarren maila egiten ari nintzen castinga hasi zenean. Selektibitatea prestatzen ari nintzen eta institutuko jolasgaraian gidoiak ikasten egoten nintzen lagun batekin.
Pertsonaia nagusia izatea espero zenuen?
Hasieran ez nuen espero. Deitu nindutenean, Arene izango nintzela esan zidaten, eta harrituta geratu nintzen. Inork ez zidan lehenago esan protagonista izan nintekeenik. Hasieran zera pentsatu nuen: ‘Zer ari naiz egiten ni hemen?’. Baina, izugarrizko esperientzia izan dela esan beharra daukat.
Nola sentitu zara?
Denek uste dute dena oso erreza dela. Baina inork ez du ikusten atzean dagoen lan guztia. Nik ere ez nuen uste hain gogorra izango zenik. Psikologikoki ere asko nabaritu dut. Neke fisikora ohituta nago dantzagatik, baina hau, ordea, oso azkar zihoan errutina bat izan zen. Egunero hurrengo eguneko testua ikasi beharra geneukan.
Gainera, nire pertsonaia sutsua da, emozioak asko bizi ditu. Hala ere, errepikatuko nukeen esperientzia bat izan da, zalantzarik gabe.
Ondo ikusi duzu zeure burua aktore lanetan?
Bai, gutxi gorabehera. Hasteko esperientzia ona izan da.
Jendeak aktore hitza erabili izan duenean nitaz hitz egiteko, harridura sentitu dut. Grabaketak egiten ari ginela, ‘aktoreak etorri hona’ esaten ziguten, eta hasieran ni ez nintzen mugitzen. Ez nago ohituta, eta kosta egiten zait nire burua aktoretzat hartzea, tontakeria bat badirudi ere. Oraindik hori ez dut guztiz barneratua.
Zure pertsonaia neska gazte bat da, nesken futbol talde bat sortzen duena. Erraza egin zaizu pertsonaia hori antzeztea?
Esan beharra daukat, hasieran, zaila egin zitzaidala. Esan bezala, nire pertsonaia, Arene, oso bizia da. Ez dago bere onenean, bizitzako une gogor bat igarotzen ari baita. Liskar asko ditu etxean, eta aitarekin eztabaidatzeko garaian, haserrealdi asko izaten ditu. Hasieran, garrasi gehiegi egiten nuela edo gehiegizko haserrea erakusten nuela iruditzen zitzaidan, baina pixkanaka gehiago konektatu dut pertsonaiarekin. Bere egoera ulertzen joan naiz pixkanaka.
Azken finean, bi hilabetez egunero pertsonaia lantzen aritu naiz.
Futbol talde bateko kide da Arene. Zer moduz moldatu zara horretan?
Nire anaietako batek futbolean jokatzen du, eta asko lagundu dit telesaila grabatzerako garaian. Ni ez naiz futbol zalea, ni dantzaria naiz. Castinga egiterako garaian laguntza eskatu behar izan nion, eta futbolaren inguruko hainbat gauza erakutsi zizkidan.
Kirola gustuko dut egia esan, txikitatik aritu izan naiz eskola kirolean. Baina ni beti artearen munduan aritu izan naiz gehiago.
Aurrez aurreko castingera iritsi nintzenean, baloiarekin jolasten jarri gintuzten. Nire mugimenduak, ordea, dantzariarenak dira eta zaila izan da hori aldatzea.
Esperientziadun aktoreekin aritu zara lanean.
Izugarrizko zortea izan da niretzat. Esaterako, Iker Galartza eta Jose Ramon Soroiz izan ditut alboan. Duela urtebete baten batek halako aktoreekin lan egingo nuela esan izan balit ez nioke sinistuko. Hasiberriak diren hainbat kide izan ditut ondoan, eta gainerako lankideek asko erakutsi digute, asko ikasi dugu haietaz.
Iker Galartza, esaterako, nire entrenatzailea da telesailean. Gauza txikiak esaten zizkidan: ‘Hau egin modu horretan, edo beste hori honela’. Hala ere, garrantzi handiko aholkuak ziren beti. Izugarri ikasten da haiekin. Zoragarria izan da.
Zinemaldian aurkeztu zen ‘Irabazi Arte’. Nolako esperientzia izan zen halako jaialdi entzutetsu batean parte hartzea?
Niretzat sinesgaitza izan da. ‘Zer ari naiz ni hemen?’ pentsatzen nuen. Plantak egiteko unea bezala hartu nuen. Uda osoa grabaketa lanetan igaro dugu, eta bat-batean alfonbra gorria igarotzen nengoen. Oso esperientzia polita izan zen.
Izugarrizko zortea izan genuen, nahiz eta gure telesaila sekzio txiki batekoa izan. Hala ere, amak esan zidan: ‘Alfonbra gorrian bai, baina oinak lurrean’.
Zinemaldiko estreinaldiko une zehatzik duzu gogoan?
Alfonbra gorria igarotzearena berezia izan zen. Hiru hilabetez aritu gara lanean eta familia txiki bat osatu dugu. Grabaketak amaitu ostean berriz elkartzeko unea izan zen.
Gainera, ez nuen sekula neure burua pantailan ikusi eta beldurra nuen, ea zer egin ote nuen. Aurreko aste osoa igaro nuen urduri, eta lo gutxi egiten. Oso pertsona perfekzionista naiz, baina ikusi nuenean, arnasa hartu nuen. Amaitu zenean, denak txaloka hasi ziren eta oso pozgarria izan zen.
Egindako lanarekin gustura geratu zara beraz?
Esan bezala, oso perfekzionista naiz eta dena esajeratu egiten dut: okerrenean jartzen naiz askotan. Nik ez nuen horrelako muntaia espero. Gainera, grabaketa prozesuan ikusten duzuna eta azken emaitzak ez dute zerikusirik. Estreinaldia ikusi nuenean, harrituta geratu nintzen; izugarrizko lana dago atzetik. Hori, gainera, ez da gure meritua, ekipo osoarena baizik.
Telesailak jende gazteari ekarpenik egingo diola sentitzen duzu? Zer berezitasun ditu?
Bai. Bereziki telesailaren gaiagatik, nesken futbola lantzen duelako. Nire ustez, gaur egun oso gai garrantzitsua da. Emakumeen eskubideen alde borrokatu beharra dagoela ikusten da telesailean, asko geratzen baita oraindik. Gazteei ekarpen hori egitea oso garrantzitsua iruditzen zait.
Askotariko gaiak lantzen dira, nerabeen eta helduen harremanak, esaterako. Istorioa oso polita da. Jende askok harremanekin eta bizipenekin bat egingo duela uste dut. Bereziki, neska gazte asko identifikatuta sentituko dira telesailarekin.
Oinkari Dantza Taldearekin aritu zara urtetan eta aurten Gazte emanaldian parte hartu duzu ezta?
14 urterekin hasi nintzen Oinkari Datza Taldean. Azken urte osoa Gazte emanaldia prestatzen igaro dugu. Zerotik hasi dugun sorkuntza prozesu bat izan da. Hamairu dantzari izan gara taldean eta Hika Teatroarekin elkarlanen aritu gara. Agurtzane Intxaurraga izan da zuzendaria eta Eneko Gil koreografoa. Urte osoa lan eta lan ibili gara, lau orduko entseguak egiten genituen.
Azken momentura arte nik ez nuen esan castinga egin nuenik, ez nuelako gertatutakoa espero. Grabaketak udan zirela banekien, eta Gazte ere udan estreinatu behar zen. Ez nuen inor larritu nahi, hartuko ez nindutela pentsatzen nuelako.
Areneren rola egiteko nahi nindutela esateko deitu zidatenean, Intxaurragarekin hitz egin nuen eta biak uztartzeko saiakera egingo nuela adostu genuen. Hori, ordea, ez zen bideragarria. Oso nekatuta amaitzen nuen, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Beraz, emanaldiak hasi baino lehen utzi behar izan nuen. Aukeratu beharra oso gogorra izan zen niretzat.
Emanaldia ikustera joateko aukerarik izan duzu?
Bai, eta ikaragarria da. Gazteei buruz hitz egiten duen kale ikuskizuna da, euskal tradizioa dantzarekin eta musika garaikidearekin uztartzen duena. Bozgorailu moduko bat da gazteentzat, eta oso harro nago haietaz. Noizbait itzultzen banaiz, badakit gustura arituko naizela haiekin.
Hala ere, Proiektu berrietan sartzeko aukera izan duzu. Kukai Dantza Taldearekin elkarlanean zabiltza.
Ni ez nago ofizialki Kukai Dantza Taldean. Izan ere, aurten, ikasketarako urtea hartu dut. 18 urte ditut, gaztea naiz oraindik eta ez dut loturarik nahi.
Berez, Bilbora joateko asmoa nuen Dantzertin ikasketak egitera, Euskadiko Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskolan. Baina Jon Maiak Kukain pixkanaka hasteko proposamenarekin deitu ninduen. Entseguetara joaten hasteko esan zidan, eta, beraz, Donostian geratzea erabaki zuen. Nik betidanik sartu nahi izan dut Kukai Dantza Taldean, nire ametsa izan da.
Aukera hau, Dantzertin izena eman behar nuenean iritsi zitzaidan eta argi izan nuen. Hori dela eta, TAEn [Donostiako Arte Eszenikoen Tailerra], eman nuen izena. Goizetan, Kukairekin entseguak izaten ditut, eta arratsaldetan TAEra joaten naiz. Hala, biak uztartzeko aukera daukat. Duela gutxi Kukairen emanaldi txiki batean parte hartzeko aukera eman zidaten, eta hemendik gutxira Bilbon dantzatzeko aukera emango didate. Pixkanaka nire lekua egiten noa.
Kukai ibilbide luzeko taldea da, nola sentitu zara? Presiorik sentitu duzu?
Niretzat aukera paregabea da. Beti saiatzen naiz nire burua haien maila berdinean jartzen, ez naiz haiek baino txikiago ikusten. Azken finean, gazteena naiz. Esango nuke taldekideen artean gazteenak 26 urte dituela.
Nik ikasi nahi dut, eta bereziki hobetu. Maila hobea lortzea da nire helburua eta beraz, beste bat gehiago izango banintz bezala joaten naiz hara.
Ikaragarria da taldea. Lau orduko entseguak dira, eta amaitzean, sentsazio onarekin iristen naiz etxera. Niretzat dantza arnasgune bat da eta oso gustura nago.
Aurrera begira jarriz, zer egiteko asmoa duzu?
Azken urte honetan gauza asko gertatu dira eta saturatuta nago. Oraindik aldaketa hauetara guztietara ohitzen ari naiz. Nire ingurukoak unibertsitatera doazela ikusten dut, gehienak ez baitira mundu artistikoan aritzen. Nire bidea ezberdina dela ikusten dut, eta beraz, pixkanaka joan nahi dut. Hala ere, argi daukat hau dela nire mundua, asko gustuko dudala eta ikasten jarraitzeko gogoa dudala. Aurten, esan bezala, ikasketetara bideratutako urtea hartu dut. Kukain nola moldatzen naizen ikusten joango naiz, eta ea zer proiektu iristen zaizkidan. Pixkanaka ikasten joatea da nire asmoa.