"Taldekako fasera igarotzea da Europan dugun helburua"
Europa Ligako Q2 kanporaketan Paris 92 taldea garaitu zuen joan den igandean Bera Berak, eta azken kanporaketan Errumaniako Ramnicu Valacea taldearen aurka arituko dira donostiarrak, taldekako fasera pasatzeko. Esther Arrojeriak (Usurbil, 1994) 2012ko urrian egin zuen debuta Bera Berako lehen taldean, eta berriro ere gutxinaka pistan bere lekua aurkitzen ari dela adierazi du.

Izan duzue denbora igandeko balentria ospatzeko?
Igandean bertan saiatu ginen modu batera edo bestera lortutako garaipena ospatzen, lorpen handia izan baitzen Paris 92 taldea kanporatzea. Parisen geundela aprobetxatuz, Eiffel dorrera gerturatu ginen; hor inguruan ibili ginen afaltzen eta zerbait hartzen, baina ez genuen gehiegi ere ospatu. Izan ere, hurrengo egunean Donostiara itzultzeko hegaldia genuen. Gainera, hiru egunera ligako partida garrantzitsua genuen gertuko arerio baten aurka; Elxen aurka, zehazki.
Ligan zentratuta jarraitzen duzue ezta? Nola ikusten duzue aurtengo txapelketa?
Azken ligak oso orekatuak izan dira; izan ere, goiko taldeak geroz eta berdinduago gaude, eta aurtengoa ez dut uste ezberdina izango denik.
Ligaren formatua aldatu egin da berriro ere. Zer dela eta?
Koronabirusa dela eta, 2019/2020 denboraldian ez zen talderik jaitsi bigarren mailara, eta hamalau taldeko liga beharrean hamaseikoa izan genuen 2020/2021a. Federazioak partida gehiegi izango zirela uste zuen, eta liga bitan banatzea erabaki zuen: zortzi taldeko bi azpitaldetan.
Azpitalde bakoitzeko lehen lau taldeak txapelketa borrokatzeko fasera pasa ziren, eta azken lauak, berriz, jaitsiera erabakitzeko fasera. Aurten hamalau taldeko ligara itzuli gara, eta formatu ohia berreskuratu dute.
Hala ere, liga are gehiago moztea eztabaidatzen ari dira, hamabi taldeko liga bat nahi baitute batzuek.
Zer nahiago duzu? Hamaseiko liga ala hamalaukoa?
Bi formatuek dituzte gauza onak eta txarrak. 2020/2021 denboraldiko formatua dela eta, partida batzuek ez zuten ezertarako ere balio, nahiz eta bi puntuak lortu, hurrengo fasean ez zutelako balio. Formatu arraroa da, eta ez geunden ohituta, baina egia da ikusleentzat bigarren fasea ikusgarriagoa dela, hil ala bizikoak baitira partida guztiak; bai liga irabazteko borrokan daudenenak, baita ez jaisteko borrokan daudenenak ere.
Hala ere, liga erregularraren formatua ondo etorri zaigu azken urteotan; emaitzek, behintzat, hori diote, eta espero dugu denboraldi honetan ere horri eustea eta tituluaren borrokan egotea.
Zer helburu dituzue Europan?
Lehen helburu nagusia pasa berri dugun kanporaketa pasatzea zen. Bagenekien oso zaila zela, zozketan zorte txarra izan genuelako. Behin Paris 92 kanporatuta, hurrengo fasea gainditzea eta taldekako fasera igarotzea da orain dugun helburua. Duela urte batzuk lortu genuen, eta pertsonalki oso esperientzia polita izan zen niretzat. Egia da oso aste gogorrak izaten direla, partida eta bidaia ordu asko izaten ditugulako.
Nola funtzionatzen du sailkapenak?
Batzuk zuzenean taldekako fasera pasatzen dira, Txapeldunen Ligatik erortzen diren taldeak, adibidez. Gainontzeko taldeok kanporaketa bat, bi edo hiru pasa behar izaten ditugu taldekako fasera igarotzeko.
Gure kasuan, bi kanporaketa irabazi behar ditugu taldekako fasera igarotzeko; lehena pasa dugu, eta azaroan Ramnicu Valcearen aurka izango dugu azken kanporaketa. Igaroz gero, urtarrilean hasiko dugu taldekako fasea.
Hurrengo arerioa, Ramnicu Valacea, aztertu duzue?
Oraindik ez; bi kanporaketen artean ligako partida dezente ditugu, eta horretan gaude buru-belarri. Uste dut Europako txapelketek ez gaituztela mentalki ligatik atera behar, gure bertsio onena hor erakutsi behar dugulako. Europako astea iristen denean hasiko gara aurkaria eta kanporaketa aztertzen.
Beste aurkari gogor bat tokatu zaigu, azken urtetan Errumaniako ligan oso paper ona egin duen taldea, baina Paris 92rekin ere antzekoa gertatu zitzaigun, eta garaitu egin ditugu.
Azken ligetako asko irabazi dituzuela ikusita, aurtengoa ere irabazteko helburua duzue?
Denboraldi bakoitzaren hasieran Bera Berak estatu mailako titulu guztiak irabazteko helburua du, edo irabazteko lehiatzea, behintzat. Egia da azken urtetan Superkopa eta Erreginaren Kopa irabaztea kostatzen ari zaigula. Ligan, aldiz, hobeto moldatzen gara, txapelketa luzea izanik, erregularrena gailentzen baita.
Denboraldi honetan nola ikusten duzu zeure burua, fisikoki zein mentalki?
Fisikoki oso ondo nago; duela hiru edo lau urte belauneko lesio zail bat izan zuen, baina ordutik ez dut arazorik izan. Mentalki, une batzuetan animoak baxuago edukitzen ditut, baina guztiz normala da, denboraldia luzea baita.
Joan den denboraldian eta aurtengoan kostatzen ari zait nire jokoa aurkitzea, Bera Berak ere jokatzeko era aldatu baitu. Lehen baloia gehiago mugitzen genuen eta lana kolektiboagoa zen, eta orain, berriz, jokoa aldatu egin da; hegaleko jokalariek, esaterako, gehiago jaurtitzen dute orain atera. Egokitzea tokatu zait eta horretan aritu naiz azken hilabeteetan, baina joan den igandeko partidan, adibidez, oso eroso aritu nintzen pistan, eta espero dut hala jarraitzea.