Parte Zaharreko auzipetuen aldeko elkartasun zozketa antolatu dute
Azken hilabeteotan Parte Zaharrean izandako istiluen ondorioz auzipetutakoen aldeko elkartasuna antolatzeko sortu zen duela hilabete batzuk Parte Zaharra Aske plataforma, eta auzipetuen aldeko elkartasun zozketa antolatu dute orain. Hain zuzen, plataformako kideak zozketan parte hartzeko txartelak euro batean saltzen ari dira, eta dirua auzipetuei sostengu ekonomikoa emateko erabiliko dute. Plataformarekin sare sozialen bidez harremanetan jarrita erosi daitezke txartelak, edo plataformako kideei zuzenean erosita. Helburu berarekin, erresistentzia kutxa irekita daukate, ES 17 1550 0001 2000 0922 9329 kontu korrontean, eta edonork egin ditzake ekarpenak.
Zozketan parte hartzen dutenek, hiru sari hauek eskuratu ditzakete: lehenengo saria bertako produktuen saski bat izango da, bigarrena kultur produktuen saskia eta hirugarrena Parte Zaharra Aske plataformako materiala. Zozketa urtarrilaren 19an egingo dute, Trinitate plazan, 17:00etan. Egunean bertan jakinaraziko dituzte zenbaki saridunak, eta saridunek ez badituzte sariak astebeteko epean erreklamatzen, zozketa berregingo dute.