San Martin egunerako egitarau zabala prestatu dute San Martin auzoan
San Martin eguna heltzear da (azaroaren 11n da), eta Donostiako San Martin auzoan egitarau zabala prestatu dute egun horretarako. Historikoki, Aldapetaren, Easo kalearen eta Londres hotelaren artean dagoen eremua izan da San Martin auzoa, baina urte luzez auzo izaera galdu du, Erdialdearen barruan egon baita. Ordea, inguruko hainbat establezimendu auzo izaera hori berreskuratzeko San Martin Auzoa egitasmoa abiarazi zuten iaz, eta auzo elkarte moduan funtzionatzen dute gaur egun, besteak beste, San Martin eguneko ospakizunak antolatzeko.
“Duela zenbait urte, auzoko jaiek egun batzuk irauten zituzten; azkenaldian, ostalaritza arloko negozioek bezeroei odolki pintxo bat emateko tradizioari baino ez zitzaion eusten”, azaldu du auzo elkarteak, eta iaz jaiak berreskuratzeko lehenengo ahalegina egin zutela gogorarazi dute: “Iazko egoerak ozta-ozta utzi zigun egun horretaz gozatzen, baina gure kaleak alaitu zituzten ekintza txikiak atera genituen aurrera”. “Aurten, inguruko negozioak dinamizatzeko eta gure auzoko zaindaria den San Martin eguna suspertzeko asmoz, egitarau osatuagoa prestatu dugu, eta herritar eta bisitari guztiak parte hartzera gonbidatzen ditugu”, gaineratu dute.
Hona hemen hilaren 11rako prestatu duten egitaraua, nahiz eta gauza batzuk oraindik baieztatzeke dauden:
- 09:00etatik 10:30era, Txistulari Diana. San Martin Gotzainaren elizatik abiatuta, txistulari bandak ibilbidea egingo du auzoko kaleetan eta hainbat geltokitan zehar. Geldialdiak inguruko danborradetako egoitzetan egingo dira, joan den urtean egindako ahaleginagatik eskerrak emateko eta San Sebastian egunean gure negozioetan erakusteko jantziak lagatzeagatik. Azken geldialdia Karmele Egues San Martin Auzoa ekimenaren sustatzaileari omenaldia da. Honakoak izango dira geldialdiak: Donostiako Atletiko (Kontxa pasealekua), Ingeniarien elkartea (Kontxa pasealekua), Londres hotela (Kontxa pasealekua), Ondar Gain elkartea (Marina kalea, 4), Anastasio jatetxea (Easo kalea, 19), Europa hotela (Triunfo kalea) eta Un Rincoon para Ti denda (Triunfo kalea, 2).
- 10:30etik 12:00etara, Txalapart-Eroak taldearen emanaldiak: 10:30ean Triunfo kaleko bigarren zenbakian, 10:45ean San Bartolome kaleko 34. zenbakian eta 11:00etan Kontxako erlojuetan
- 12:30etik 13:30era, omenaldia (ekitaldi pribatua Convent Gardenen). Txalapartariek, bertsolariek eta dantzariek ongietorria emango diete gonbidatuei San Martin auzoko Niza Hotelaren negozio zaharrena omentzeko. Bestalde, Iñigo Manterola artistak Elkartearentzat sortu zuen eskulturaren erreplika bat emango da. Ondoren, aperitibo bat eskainiko dute.
- 13:30etik 15:30era, odolki dastaketa. San Martin auzoko ostalaritzak odolki edo aperitibo pintxo bat oparituko dio bezeroei. Txerritxo gorriek negozio parte hartzaileak identifikatuko dituzte. Aldi berean, txaranga batek girotuko du aperitiboa, San Martin auzoko kaleetatik ibiliz.
- 17:00etatik 17:30era, Gastronomia hitzaldia eskaintzea aurreikusten dute, baina hori baieztatzeke dago.
- 18:00etatik 19:00etara, Laterne Sankt Martin kalejira.