Santu Guztien eguna neurri berezirik gabe, baina "zentzuz"
Santu Guztien eguna da gaurkoa, eta ohikoa den moduan, Donostiako hiru hilerriak –Polloekoa, Altzakoa eta Igeldokoa– jendez eta lorez beteko dira, herritar ugari joaten baitira azaroaren 1ean hilerrietara, euren hildakoak omentzera. Iaz ez bezala, aurten ez da pandemiari aurre egiteko neurri berezirik izango, egoera epidemikoa kontrolpean baitago. Hala ere, Hiri Mantentze Lanetako zinegotzi Miguel Angel Diezek herritarrei eskatu die “zentzu” jokatzeko: “Zentzuz ibiltzeko esaten dugu, lehenago joateko kanposantura eta jende asko ez pilatzeko maite ditugun pertsonen hilobi eta panteoien inguruan”.
Hiru hilerriak irekita daude. Udaltzaingoak egingo du, urteroko legez, zaintza eta kontrol lana auto edo jende pilaketa handirik ez izateko. Hilerriak urte osoan egoten dira irekita, ordu hauetan:
- Apiriletik urrira. Egunero: 08:00etatik 20:00etara.
- Azarotik martxora. Egunero: 08:00etatik 19:00etara.
Polloeko hilerriko nitxoen gunea 08:00etatik 18:00etara egongo da irekita gaur.
Garraio Publikoa
Polloek garraio publikoan joatea gomendatzen du, autobus linea hauetan:
- Polloe: Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara. 9, 24, 27, 41 eta 42 autobus lineak.
- Altza: Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara. 13, 24, 27, 31 eta 38 autobus lineak.
- Igeldo: Beti irekita. 16. autobus linea.
Kultur ekintzak
Heriotzari bizitza ematea: heriotzak inporta duelako II. jaialdiaren barruan, hainbat musika emanaldi egingo ditu Donostiako Musika eta Dantza Eskolak, Polloerekin elkarlanean. Ekitaldia 12:00etatik 13:00etara izango da, hilerrian zehar (www.dandovidaalamuerte.org).
Azaroaren 2an, asteartea, hildakoen meza ospatuko da Polloeko kaperan, 120 lagunentzako edukiera mugatuarekin.
Hobekuntzak hilerrietan
Aurten, Altzako hilerriko sarbidea hobetu duela gogorazi du udalak. Beste era batera antolatu da espaloiaren eta autoentzako aparkalekuaren arteko tokia.
Datozen hilabeteetan Errautsen lorategiaren proiektuari berriro ekiteko asmoa dago, pandemiaren ondorioz atzeratutako inbertsioa baita. Polloeko hilerrian lehen hobiak ziren lekuan izango da lorategia, senideen errautsak ingurune atsegin eta jasangarrian atseden hartzeko.
Proiektu hori gauzatu arte, 120 kolunbario jarri ditu errautsentzat kanposantuko San Isidro kalean Polloek.