13/13 epaiketako auzipetuen aldeko elkartasun dantzaldia egingo dute Egian
13/13 epaiketa handia ostegunean, hilaren 4an, amaituko da, eta auzipetuek epaiketaren harira egin behar izan dituzten gastuei aurre egiteko, elkartasun dantzaldia egingo dute Egian. Izan ere, epaiketa uztailean hasi zen, eta auzipetuek hainbatetan joan behar izan dute Madrilera, bidaia horiek eta epaiketaren gainontzeko kostuek –defentsak, esaterako– dakartzaten gastuekin. Horregatik, dantzaldian biltzen duten dirua auzipetuak laguntzeko bideratuko dute.
Dantzatzen ez duen herriak zorionik ez du lelopean egingo dute dantzaldia; larunbatean izango da, hilaren 6an, Arrano elkartean, 14:30ean, eta aurretik bazkaria egingo dute. Joan ahal izateko, txartelak salgai daude Kata, Koskorrio, Basarri eta Ostotsa tabernetan. Era berean, parte hartzaileek dantzatu nahi dituzten abestiak eskatu ditzakete, esteka honetan.
66 urteko espetxe zigorra
Pasa den astean Jose Perals fiskalak eta AVT eta Dignidad y Justicia taldeetako akusazio partikularrek Julen Zelarainen aurkako akusazioei uko egin ostean, Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Iker Sarriegi, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo dira auzipetuak, eta guztira 66 urteko espetxe zigorra eskatzen dute eurentzat. Redondo, Sarriegi eta Enparantza donostiarrak dira.
Zuluetari eta Enparantzari ETAko buru izatea leporatzen diete, eta lehergaiak edukitzea. Sarriegiri eta Zuriarraini Koordinazio Taldearen (KT) bidez ETAko kide izatea leporatzen diete, eta Agirreri eta Redondori, ETAren laguntzaile izatea. Asteazkenean, hilaren 3an berrartuko dute epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta hilaren 4an amaitzea aurreikusten dute.