Kaian lur azpiko aparkaleku bat aurreikusten du Parte Zaharreko plan bereziak
Parte Zaharreko Monumentu Multzoa Babesteko Plan Bereziaren inguruko xehetasunak plazaratu ditu Noticias de Gipuzkoa hedabideak. Planaren arabera, kaiko Lasta eremuan lur azpiko aparkaleku bat eraikitzea aurreikusten dute. Sarbidea udaletxearen eta Nautikoaren artean egongo litzateke.
Une honetan, plana Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dago ingurumen txostena falta delako. Hain zuzen ere, kaiko eskumena Jaurlaritzarena da, eta Gasteiztik eman beharko diote argi berdea lur azpiko aparkalekuari. Aipatu hedabideak nabarmendu duenez, itsas mailak ez du errazten aparkaleku bat jartzea kaian, eta asko jota solairu batekoa izango litzateke.
Bestalde, plan bereziak beste proposamen batzuk ere aurreikusten ditu. Esaterako, Orixe ikastolak Urgullen duen egoitza handitzea eta Trinitate plaza berritu zein egokitzea.