Urteko bigarren Revolution JamRock reggae jaialdia egingo dute larunbatean
Urteko bigarren Revolution JamRock reggae jaialdia hemen da: larunbatean, hilaren 6an, egingo dute, Intxaurrondo Kultur Etxean, 20:00etan. 2021eko lehenengo Revolution JamRocka maiatzean egin zuten, eta asteburu honetan egingo dute bigarren zatia. 2020an, pandemia zela eta, hasi ziren bi eguneko jaialdia egin ordez, egun bakarreko bi jaialdi egiten, eta 2021ean formatu horri eutsi diote.
Revolutionary Brothers reggae talde donostiarrak eta Donostia Kulturak antolatzen dute jaialdia urtero, eta egitarau zabala prestatu dute larunbaterako: Revolutionary Brothers taldeaz gain, Bojaman & Grompy Style, Chata Flores, Hermano L eta King Consul igoko dira Intxaurrondoko oholtzara. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke, 1o euroan. Egunean bertan sarrerak geltzen badira, leihatilan ere salgai jarriko dituzte, baina 12 euroan.