Teatro Estudiok urrian jasotako Max Saria ospatuko du Gazteszenan larunbatean
Urriaren 4an, Arte Eszenikoen Max Sarien XXIV. banaketa ekitaldia egin zen Bilbon. Donostiako Teatro Estudiok Gizarte Arloko Max Saria jaso zuen, taldearen 50 urteko ibilbideagatik. Donostiako antzerki konpainia amateurra 1965ean sortu zuen Manolo Gomezek Antiguan. Gomez da gaur egungo zuzendaria eta 14 kidek osatzen dute taldea.
Azaroak 6an, jasotako saria ospatuko dute Gazteszenan, Baile de los huesos antzezlanarekin. Saria lagun eta jarraitzaileekin partekatzeko hitzordua 19:00etan izango da, eta gonbidapenak ordubete lehenago izango da eskuragarri Gazteszenako leihatilan. Donostiako Udalak parte hartuko du ekitaldian eta taldearen ibilbide luzeari eta egindako ekarpenari aitortza emango dio.
60 proiektu baino gehiago egin ditu taldeak, eta Elena Belmonte antzerkigilearen Baile de los huesos antzezlana da azkena. Inplikazio handiko taldea izan da hirian. Izan ere, besteak beste, Martuteneko espetxearekin, Loiola auzoko Emakumeen Elkartearekin, Erausoko Katalina Arte Klubarekin, Berioko zaharren egoitzaren eta Aieteko Katxola Kultur Elkartearekin elkarlanean aritu da. 56 urteko ibilbidean gizarteko kolektibo ezberdinetara gerturatu izan dira: emakumeak, gazteak, adinekoak eta presoak.