Arkaitzerrekako isurketa erraustegiaren "legez kanpoko funtzionamendua ezkutatzeko" egin zela dio GuraSOSek

GuraSOS elkarteak adierazi du Arkaitzerrekako “hondamendi ekologikoa” proiektuaren garapenean “irregulartasun eta ilegaltasun larri ugari” izan zirelako gertatu zela. Amoniako isurketa iazko maiatzean gertatu zen, Zubietako erraustegitik gertu.
“Istripu bat izan zen, istripu kimiko larri bat, Guardia Zibilaren Ingurumen Unitate Zentraleko (UCOMA) perituen arabera, Zubietako erraustegian, 2020ko maiatzaren 7an, errauskailuko amoni biltegia kargatzeko prozesuan amoniakoa isuri zenean. Baina, ondoren, ez zen istripua izan, baizik eta instalazioaren arduradunen ekintza kontzientea izan zen, amoniakoaren isuriaren aztarnak ezabatzen saiatzeagatik”, azaldu du GuraSOSek.
Ehunka arrain hiltzeaz gain, tamaina handiko animaliak ere hil zirela adierazi dute; zehazki, hamabost ardi. Horrez gain, iazko maiatzekoa ez zen isuri bakarra izan GuraSOSen arabera: “Antzeko zerbait gertatu zen lehenago, 2020ko martxoaren 18an, baina instalazioko arduradunek ezkutatu zuten ere”. Laborategi batek aztertu zuen aingira batek kloroalkano-indize altua zuela jakinarazi dute, “osagai debekatua eta oso kantzerigenoa”. Erraustegiak eragindakoa dela diote Guardia Zibilaren perituek.