Udalak iazko bikoitza gastatuko du Gabonetako argietan, eta 2019an baino %4 gehiago
Azaroa hasi baino ez da egin, baina Donostiako Udala Gabonetara begira jarri da dagoeneko, eta hirian argiak jartzen hasi da. Hain zuzen, hilaren 26an piztuko dituzte, eta Donostiako 110 kale, plaza eta biribilgune argiztatuko dituzte guztira. Argiterian 410.000 euro gastatuko ditu udalak; iaz, pandemia dela eta, ia erdia gastatu zuen (240.000 euro inguru), eta 2019an, pandemia aurreko urtean, aurten baino %4 gutxiago.
“Aurten ahalegin handia egin dugu Gabonetako argiztapena hobetzeko, pandemiaren ondoren normaltasun apur batean ospatzen ditugun lehenak garelako, eta horrekin merkataritza eta ostalaritza suspertzen lagundu nahi dugulako, batez ere osasun-krisiak eragindako mugak pairatu dituztelako. Jendea Donostiara eguberriez gozatzera etortzea nahi dugu, egun hauetan ere oporretako helmuga izatea”, azaldu du Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotziak.
Gabonetako argiteriak hainbat berritasun izango ditu aurten Donostiako puntu hauetan: Zurriolako zubiko farolen argiztapena, Parte Zaharreko hainbat kaletako eta edo Loiola kaleko argien sabaiak, Easo plazako argien pergola, Konstituzio plazako liburutegiaren eraikinaren argiztapena, Antso Jakitunaren hiribideko zuhaitzetan jarriko diren argiak, Alderdi Ederreko eta Katalunia plazako Gabonetako bola, Pio XII.aren plaza eta Maria Cristina hotelaren fatxada.
Bestalde, Alderdi Ederreko 36 metroko noria jarriko dute berriz, eta beste noria txikiago bat jarriko dute aurten autobus geltokiaren inguruan. Era berean, azken urteotan Cervantes plazan jarri duten izei formako karrusela ere jarriko dute, baita Frantzia pasealekuko Gabonetako azoka ere.