Azora putre funtsa Groseko bizilagun batzuk presionatzen ari dela salatu dute

Kaleratzeak Stop, Inquilinos Azora eta Alokairu plataformak Groseko Pinudi plazan elkarretaratu dira ostegun goizean, Azora putre funtsa Ategorrietako bizilagun batzuk presionatzen ari dela salatzeko. Larratxoko Caritasek, LABek eta CNTk babestu dute mobilizazioa, baita Gipuzkoako eta udaleko Elkarrekin Podemosek eta udaleko EH Bilduk ere. Azaldu dutenez, Azora Ategorrieta kalean bizi diren eta alokairu kontratuak amaituta dituzten sei bizilagun deitzen ari da, alokairuaren kuotan “egoera prekarioagatik ordaindu ezin duten” %33ko igoera bat onartu dezaten edo sei hilabeteko luzapen bat sinatu dezaten, luzapen hori amaitzean “etxegabetzea onartuz”.
Aipatu plataformek gogorarazi dute sei maizterrek 750 eta 900 euro arteko errentak ordaintzen dituztela gaur egun, eta, gainera, etxebizitza asko ez daudela egoera onean: “Hezetasunak, lasaierak leihoen itxituretan, egurrezko zoru ustelduak eta, oro har, baldintza osasungaitzak daude”. Prezio horiek Alokairuaren Merkatuaren Estatistikak gomendatzen duen prezioaren gainetik daudela gaineratu dute, eta, beraz ez zaie onargarria iruditzen errenta horiei %33ko igoera aplikatzea, eta egoera salatu dute: “Etengabeak dira Ategorrietako sei maizterrei mehatxu deiak, kontratu amaituen egoerari buruz, etxebizitza txikiagoetara 1.024 euroren truke aldatzeko eskaintzak. %33ko igoera duten kontratu berriak interesatzen ez bazaizkie, giltzak entregatzeko edo maizterraren aldez aurreko sinadurarekin sei hilabeteko luzapenean automatikoki sartzeko presioa eginez, etxegabetzea onartzeko klausula sartuz”.
Bestalde, nabarmendu dute iraileko udalbatzarrean mozio bat aurkeztu zutela egoeraren inguruan, eta udalbatzak onartu zuela Eneko Goia alkateak Azorarekin bitartekaritza lana egiteko eskaera, irtenbide duin bat bilatzeko. Izan ere, gogoratu behar da Donostia “etxegabetzerik gabeko hiria” dela ofizialki, 2015etik. Horrela, bizilagunek azaldu dute bitartekaritza horren emaitzen zain daudela, eta Azorari aurre egiten jarraituko dutela: “Ez ditugu presio telefoniko horiek onartuko, kontuan hartuta antsietatea, etsipena eta larritasuna eragiten ari direla eta kaltetutako maizterren osasuna hausten ari direla, egoera oso zaurgarrian baitaude. Kasu batean osasun-zerbitzuetara jo behar izan dugu. Mehatxuak gelditzeko exijitzen dugu, baita kontratuak zazpi urterako berritzea ere, KPIaren igoera bakarrarekin. Bitartean, gure etxeetan bizitzen eta gure jatorrizko kontratuetan agertzen den alokairu prezioa ordaintzen jarraituko dugu”.