EH Bildurentzat 2022rako aurrekontuak ez ditu pandemiak utzitako datu sozio-ekonomikoak kontuan hartzen

EH Bildurentzat 2022ko Udal aurrekontuetan gizarte-politiketan egindako murrizketak “onartezinak” dira. “Krisi pandemikoak eragin negatiboa izan du alderdi askotan, eta beharrezkoa da oraindik ere aparteko esku-hartze a egiten jarraitzea”, adierazi du talde politikoak.
Aurreko urteko datuekin alderatuz, politika sozialen aurrekontua altuago da. Iaz 30.290.893 eurokoa izan zen, eta aurtengoa, 31.639.364 eurokoa. Donostiako Udaleko aurrekontua, guztira, 397.387.617 eurokoa izan zen, eta aurtengoa, ordea, 424.842.665 eurokoa. Hau da, aurten gizarte-politikek pisu erlatibo txikiago dutela nabarmendu du EH Bilduk.
Alderdiak gizarte zerbitzuen esparrua osatzen duten arlo garrantzitsuenei ere erreparatu die eta datuak zabaldu ditu. Gizarte bazterketari dagokionez, ez da baliabide berririk aurkezten. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan, aurrekontua jaitsi egin da (%5 2021ekoarekin alderatuz eta %7 2020koarekin alderatuz). Gizarte-larrialdietarako laguntzek 280.000 euroko igoera izan dute. Alderdiarentzat ordea, “hori ez da nahikoa”: “Eskaria handiagoa izango baita, elikagaien prezioa, argia, etab. garestitzearen ondorioz”. Azkenik, hirugarren sektoreari bideratutako diru-laguntzetan, pandemiarekin 2021ean aplikatutako murrizketak bere horretan mantentzen dira.
Finean, “Donostian pandemiak utzi dituen datu sozio-ekonomikoak kontuan hartzen ez dituzten aurrekontuak” direla dio alderdiak. “Sozialki aurreratua izan nahi duen hiri honen erronka nagusia desorekak orekatzea da, eta, horretarako, gizarte-ekintzaren aurrekontua handitzea, pertsona askorentzat urgentea izateaz gain, neurri estrategikoa da Donostiarentzat”.