Pio Baroja pasealekuko espaloia zabaldu eta errei bat kentzeko lanak hasi dira

Pio Baroja pasealekuaren ingurua hobetzen hasi da Donostiako Udala. Miguel Angel Diez zinegotziak adierazi duenez, Amarara bidean, Pio Barojatik igotzen den espaloiari jarraipena eman nahi diote, “orain arte ez baitzen erabilgarriegia”. Aurreratu duenez, “zirkulazioko erreietako bat kenduko da, eta horren ordez, lineako aparkaleku bat eta espaloi zabalago bat jarriko dira, Pio Baroja kiroldegiaren ondoko biribilgunearen eta Melodi kalea lotzeko”.
“Espaloi berri hori aprobetxatuz”, zebrabide berri bat sortuko da anbulatoriora igotzen den igogailuaren aurrean. Lanak duela egun batzuk hasi ziren eta bi hilabetez luzatuko dira. “Gutxi gorabehera” 80.400 €-ko kostua duela adierazi du udalak.