Donostiako euskaltzaleek hirian eragin nahi dute
Bagera elkarteak 2019an abiatutako dinamikari jarraipena emango dio, Donostiako Euskaltzaleen Topaketak (DET) antolatu baititu bigarrenez. Komunitate euskaltzalea saretzen jarraitzea eta hirian eragiteko formulak aztertzea izango dute helburu.

Duela bi urte, 2019an, Donostiako euskararen aldeko mugimendua saretzeko eta erronka bateratuak sortzeko beharra ikusi zuen Bagera Euskaltzaleen Elkarteak, eta 50 bat euskaltzale donostiar elkartu ziren, «nola gaude eta nola egin dezakegu aurrera?» galdera abiapuntutzat hartuta.
Topaketa horien “jarraipen gisa”, bigarren DET Topaketak antolatu ditu aurten Bagera elkarteak: “Ulertzen dugu bi urtean behin Donostiako euskaltzaleak elkartu behar garela, mugimendu euskaltzaleari buruz hausnartzeko, eta horretarako tresna gisa ikusten ditugu DET Topaketa”», azaldu du Bagerako Ainara Vazquezek. Hilaren 13an izango dira topaketak, San Telmo Museoan, 09:30etik 13:00etara, eta izena emateko epea zabalik dago, Bageraren webgunean.
«2019ko topaketak euskaltzaleon mugimendua aktibatzeari begira antolatu genituen, eta aurtengoak, aldiz, nola gauden eta nora joan nahi dugun hausnartzeari begira», adierazi du Vazquezek. Horrez gain, gaineratu du euskaltzaleek hirian duten eragina nola handitu dezaketen aztertuko dutela: “Aurrera begira ditugun erronkak identifikatzeko eta elkarrekin nola lan egin dezakegun aztertzeko balioko dute topaketek; euskaltzaleok Donostian dugun eragina nola handitu dezakegun izango baitugu hizpide”. Hain zuzen, Nola handitu euskaltzaleon eragina Donostian? lelopean antolatu dituzte topaketak.
Era berean, hiriko euskaltzaleak non dauden identifikatzea ere «garrantzitsua» dela deritzo Vazquezek: “Auzoetan, esaterako, badaude euskaltzaleak diren eta euskara ardatz duten herri mugimendu ugari, euskara batzordeetatik harago. Horiek guztiak identifikatzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu”.

Askotariko euskaltzaleek Donostiako mugimendu euskatzaleari buruz hausnartu zuten 2019an. (Argazkia: Iñaki Agirre Perez)
Pandemiak eragina izan du
Koronabirusaren pandemiak arlo guztietan eragin du, eta mugimendu euskaltzalea ez da salbuespena izan, Vazquezen arabera: “Euskaltzaleon mugimendua asko apaldu da pandemiarekin. Kaleetatik ia-ia desagertu egin gara, eta horrek asko eragin dio mugimenduari. Era berean, hizkuntzari dagokionez, euskara desagertu egin da pandemian zehar, erabaki garrantzitsuak gaztelaniaz esan dizkigutelako, besteak beste”. Era berean, gaineratu du horrelako egoera batek agerian uzten duela “zein hauskorra” den mugimendua, eta zein egoeratan dagoen “errealitatean”.
Horregatik, pandemiaren ondorioei buelta emateko, Donostiako euskaltzaleak topaketetara joatera deitu ditu Bagerakoak: “Bigarren mailako izateari utzi nahi diogu, gure lehentasunak ere agendan egon daitezkeelako. Horretarako, gero eta gehiago izan eta gero eta hausnarketa komun gehiago egin, orduan eta ahalmen gehiago izango dugu hirian eragiteko”.