"Emakumeen parte hartzea %30ekoa da"
Orain dela bi urte egin zen Behobia-Donostia lasterketa azkenengoz, koronabirusak dena geldiarazi baitzuen joan den urtean. Antolaketa zaila izan dela dio Iñigo Etxeberriak, Fortunako ekitaldien antolatzaileak, baina azkenean 25.000 korrikalarik errepideak beteko dituzte azaroaren 14an.
Nola eraman duzue koronabirusagatik joan den urtean Behobia-Donostia lasterketa ez egin izana?
Nahiko konplexua izan da. Koronabirusa dela eta, Fortuna elkarteak egin ohi dituen hainbat ekitaldi eta proba bertan behera utzi behar izan ditugu 2020. eta 2021. urteetan, Behobia-Donostia barne. ABEEan sartu behar izan ginen 2020ko martxoan, kluba ez hondoratzeko, eta duela gutxi irten gara.
Behobiari dagokionez, txertaketa erritmo ona hartu izanak lasterketa egin ahal izatea ahalbidetu du. Hasiera batean oso motel zebiltzala zirudien, baina gaur egun gizartearen gehiengoa txertatuta dago. Hala ere, aurten berandu jakin dugu lasterketa egin ahal izango genuela, eta horrek ez digu planifikazio egokia egiten utzi. Normalean urte hasieran hasten gara lasterketa prestatzen, baina aurten ezin izan dugu horrela egin.
Ezjakintasun handia zegoen, ez genekien eta egin ahal izango zen ala ez. Zain egon gara, eta udaberrian erabaki genuen lasterketa egingo genuela, pandemiaren bilakaera hobera zihoala ikusi baikenuen. Normalean martxoaren amaieran hasten gara izen emate prozesuarekin.
Zer nolako aldaketak egongo dira 2019ko lasterketatik aurtengora?
Lehenik eta behin, korrikalari kopurua mugatu behar izan genuen, hortik abiatzen baita prestakuntza guztia. Izen emate asko genituen jada irailean, 23.000 pasatxo, eta aurtengoa gehienez 25.000 korrikalariko lasterketa izango zela erabaki genuen, kudeaketa errazteko; 2019. urtean baino %25 gutxiago da hori.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak koronabirusaren aurkako protokolo bat garatzea eskatu digu, eta korrikalari kopuruaren murrizketa neurri horietariko bat da. Irteera gakoa da, jende gehien biltzen den unea baita, eta irteerak hamabost minutu aurreratuko ditugu, lasterketa osoan zehar jende pilaketa handiak saihesteko; hau da, irteera 85 minutu irautetik 100 minutu irautera igaro da.
Korrikalarien kopurua jaitsita eta irteera tartea handituta, azpiegitura kopuru berarekin saturazio maila jaistea lortu nahi dugu, azken finean.
Txertaketa agiria erakutsi beharko da?
Ez, Espainiako Estatuan ez da erakutsi behar. Hala ere, aurten nazioarteko korrikalari gutxi etorriko dira, eta estatuan txertaketa maila oso altua da. Hala ere, irteeran, helmugan eta bestelako zerbitzuetan musukoa erabili beharko da.
Espazio itxietan egiten ditugun jarduerak ere murriztu ditugu, eta orain garraioa da aire librean egiten ez den jarduera bakarra. Irteera, lasterketa eta helmuga kalean dira, eta lehen Okendo plazan jartzen genituen bi karpa erraldoiak ez ditugu jarriko aurten, ezin dugulako jendearen fluxu jarraitua bermatu. Bestalde, anoa postuetan gozokiak kendu ditugu, eta ura eta edari isotonikoak egongo dira bakarrik.
Nazioarteko korrikalari asko egongo dira?
Normalean Espainiako Estatutik kanpo ez dira korrikalari asko etortzen. Gehienbat Donostiarekin harremana duten pertsonak etorri ohi dira, edo Iparraldekoak, Paukoak eta Bordelekoak. Mugaz bestaldeko 2.000 korrikalari inguru izango dira aurten.
Euskal Herritik kanpoko gehienak Kataluniatik eta Madrildik etortzen dira. Aurten, Kataluniatik 4.500 korrikalari inguru etorriko dira, eta Madrildik, berriz, 3.500 inguru. Pozten gaitu Behobia-Donostiak erakargarritasun hori mantentzeak.
Urte batzuk daramatzazue emakumeen parte hartzea handitu nahian, 50/50 moduko proiektuekin. Nola saiatzen zarete sustatzen?
Urte asko daramatzagu ekimen honekin. 2008an proiektu bat abiatu genuen, Euk proba zan izenarekin, emakumeei doan entrenamendu planifikazioak proposatuz. Gipuzkoako hainbat bailaratan probatu genuen, eta arrakasta izan zuen.
Gaur egun emakumeen parte hartzea %30 ingururuan dabil gutxi gorabehera Behobia-Donostian. Ameriketako Estatu Batuetako edo Erresuma Batuko eredua jarraitu nahi dugu. AEBetan, esaterako, herri lasterketetan emakumeen parte hartzea %57koa da.
Gure lasterketetan emakumeen presentzia handitzeko aholkularitza jasotzen ari gara, eta antropologoekin ere lanean gabiltza emakumeen parte hartze baxuaren atzean zer dagoen jakiteko.
Emakumeen ikusgarritasuna handitzeko, 2019. urtean eliteko emakumeak bost minutu lehenago atera ziren, eta aurten ere errepikatuko dugu, emaitza onak eman baitzituen.
Lasterketa herrikoi askori kritika egiten zaie hondakinen kudeaketa dela eta. Zertan saiatzen zarete hobetzen?
Fortuna Kirol Elkarteak lotura handia du ingurumenarekin, gure ekitaldi nagusiak ingurune naturaletan egiten direlako. Espainiako Estatuko mendi martxa zaharrena, adibidez, Fortunak antolatzen du. Lotura hau dela eta, ingurumena ahalik eta gehien zaintzen saiatzen gara, eta horregatik, Behobia-Donostia lasterketan hainbat aldaketa egin ditugu azken urteotan. Plastikozko botilak erosteari utzi genion, eta edalontzien bidez txorrotako ura ematen ari gara. Suedian erakutsi ziguten sistema hau ezartzen, eta 2009. urtetik edalontziekin gabiltza. Edalontziek, gainera, logistika errazten dute, eta horrek anoa puntu gehiago jartzen lagundu digu.
Bestalde, aurten dominak egurrezkoak izango dira. Frantziako eta Espainiako baso jasangarri batzuetako egurrarekin egin ditugu. Lehen, adibidez, Txinatik erosten genituen dominak, eta arazoak izateaz gain, aztarna ekologikoa handiagoa zen.