"Indar ariketek oinarri sendoa izaten laguntzen dute"
Donostiako lasterketa garrantzitsu askoren aurretik, korrikalari batzuk Aroga fisioterapia zentrotik pasatzen dira, masajea jaso eta hankak lasterketarako guztiz prest izateko. Fisioterapia teknikak, hala ere, aldatu egin dira, eta beroketak eta indar ariketak garrantzia hartzen ari dira lesioak saihesteko.

Lasterketa garrantzitsu baten aurretik ez lesionatzeko, Romerok dio garrantzitsuena lasterketaren aurreko astean entrenamendu bortitzik ez egitea dela. Izan ere, korrikalari askok aurreko astean normalean baino korrika gehiago egiten dute, baina Romeroren ustetan ez da beharrezkoa, ez baitu lagunduko lasterketaren egunean azkarrago korrika egiten. Hau dela eta, Romerok kontsultatik pasatzen diren korrikalariei masajea lasterketa baino zortzi edo bederatzi egun lehenago jasotzea gomendatzen die, baita lasterketaren astean erritmo baxuan korrika egitea eta mugimendu artikularrak egitea ere.
Bestalde, lasterketaren osteko masajea bi edo hiru egun beranduago egitea gomendatzen du, ez egunean bertan.
Indar ariketen garrantzia
Lesioen prebentzioan entrenamenduaren plangintza giltzarria dela dio Romerok. Izan ere, korrikaren, txirrindularitzaren eta igeriketaren moduko kirol aerobikoak egiten dituzten pertsonak kirol horiek soilik egitera mugatzea akatsa dela uste du Romerok. Eredu horren aurrean, kirol aerobikoa eta indar ariketak uztartzen dituen kirol plangintza defendatzen du fisioterapeutak.
Hankak indartsu izateaz gain, enborreko muskulu garrantzitsuenak entrenatuta izatea ere garrantzitsua da Romerorentzat: «Muskulu estabilizatzaile garrantzitsuenak enborrean daude, eta horiek indartsu eta entrenatuta izatea giltzarria da lesioak saihesteko. Muskulu hauek entrenatzen ez baditugu, errazagoa izango da desorekak izatea, eta horrek errezago lesionatzea eragiten du. Ariketa hauek oinarri sendoa izaten laguntzen digute».
Aroga zentroan lan egiten duten profesionalek gorputzeko hainbat parte indartzeko ariketak erakusten dizkiete korrikalariei. «Ariketa terapeutikoak» izena ematen diete Arogan ariketa hauei; izan ere, gorputza indartsu egoten eta lesioak saihesten laguntzen dute.