"Lasterketaren atzean lan asko dago"
Kemen eta Fortuna kirol elkarteak elkarrekin aritzen dira lanean Behobia-Donostia lasterketa prestatzeko. Fernando Mitxelena da Kemen elkarteko presidentea, eta lasterketaren aurreko egunak lan handikoak izaten direla dio.
Ezgaitasunen bat duten zenbat kirolarik eman du izena aurtengo Behobia-Donostian?
Inskripzioak urriaren 30ean amaitu ziren, eta gutxi gorabehera hauek dira: hamalau handbike, bost gurpildun aulki, bost pertsona gor, B1 kategoriako hamaika itsu eta B2 kategoriako beste hamabi.
Beherakada egon da partaidetzan?
Aurten nabaritu dugu jaitsiera pixka bat. Uste dut koronabirusak eragin handia izan duela. Alde batetik, kirolari batzuk arrisku handiko kolektibokoak dira, eta beldurra dute; bestalde, beste kirolari batzuek ez dute asko entrenatu, eta ez dute uste Behobia-Donostia egiteko gaitasuna dutenik.
Tokioko Paralinpiar Jokoek ere eragina izan dute, bertan egondako kirolari bakarra etorriko baita lasterketara. Bi faktore hauek eragin dute parte hartzearen jaitsieran.
Hazten ari da egokitutako atletismoa?
Ez hainbeste. Handbikea da agian gehien hazten ari dena, baina azken urtetan gurpildun aulkian geroz eta kirolari gutxiago daude, ez baitago belaunaldien arteko erreleborik. Behobia-Donostia lasterketa, gainera, oso gogorra da gurpildun aulkiko kirolarientzako, desnibel asko duelako. Handbikean errazago egiten da desnibel hori garapena aldatu dezaketelako, baina gurpildun aulkian asko nabaritzen da.
Espero dut gurpildun aulkia ez desagertzea, niri pertsonalki gehien gustatzen zaidan modalitatea baita, baina oso zaila izaten ari da modalitatea sustatzea.
Handbikea goruntza doa, orduan?
Duela urte batzuk Behobia-Donostian ez zen handbike bakar bat ere ateratzen, eta orain modalitate nagusia da. Urte batean 30 txirringatik gora atera ziren.
Zertan laguntzen du Kemenek Behobia-Donostia antolatzen?
Fortuna Kirol Elkarteak lasterketan izena eman duten kirolarien zerrenda pasatzen digu, eta ni haiekin kontaktuan jartzen naiz zer nolako azpiegiturak behar dituzten jakiteko. Izan ere, kirolari batzuk lasterketaren egunean bertan etortzen dira, baina beste batzuk lehenago etortzen dira, gauza asko ekarri behar dituztelako. Irungo Urdanibia hotelean geratzen dira normalean.
Lasterketa honen arazo nagusia leku batean hasi eta beste batean amaitzen dela da, eta horrek azpiegitura gehiago behar izatea dakar. Gurpildun aulkian eta handbikean dauden kirolariek lasterketarako aulkia edo bizikleta eta kaleko aulkia dakartzate, eta irteeratik helmugara material guztia mugitu behar dugu.
Hoteletik irteerara kaleko aulkiarekin doaz egokitutako kamioietan, eta Azken Portu kiroldegian arropaz eta aulkiz aldatzen dira. Ondoren, kaleko aulkiak eta gainontzeko materiala kamioietan sartu eta helmugara eramaten dugu. Donostian ere leku bat egokitzen dugu aldaketa lasai egin dezaten.
Bestalde, lasterketan arazorik badute, bide erdian hainbat egokitutako furgoneta ditugu, baita ordezko aulkiak ere. Ahalik eta arazo gutxien egoteko, kirolari bakoitzak bi txirrindulari ditu ondoan, handbikean doazen kirolariek izan ezik. Hauei motorrak jartzen dizkiegu, oso azkar baitoaz. Hain zuzen, Gaintxurizketa jaisten 80 kilometro orduko baino abiadura handiagoa hartzen dute.
Lan asko dago lasterketaren atzean. Ezgaitasunen bat duen kirolari bakoitzeko bi pertsona boluntario daude, gutxi gorabehera.
Emakumeen presentzia handitzen doa?
Ez, hemen oso emakume gutxik hartzen dute parte. Duela hiru edo lau urte izan zen emakume gehien aritu ziren urtea, eta hiru izan ziren bakarrik. 2019. urtera arte Ione Basterra bizkaitarra etortzen zen ia urtero, baina tamalez, 2020. urtean hil egin zen.
Hemendik aurrera, emakumeen sariak Ione Basterraren izena izango du, hainbeste urtetan gurekin aritu den kirolariari omenaldia egiteko.