Neonezko termometro erraldoia
Garai batean, neon gorrizko uztaiez osatutako termometro erraldoi bat izan zen Banco Guipuzcoano eraikinaren plazan. Hiriko puntu erreferente bat izan zen denbora luzez. Izandako matxuren ondorioz, ordea, kendu egin zuten.

Banco Guipuzcoano eraikinaren fatxada nagusiaren aurrean dagoen plazaren diseinua Jose Antonio Elizalde arkitektoak egin zuen. Harrizko bankuez eta loreontziez egindako dekorazio bat proiektatu zuen, erdian argi iturri bat zuena. Aurretik, oinezkoen zirkulazioa aztertu zuen, plazak ahalik eta gutxien oztopatu zezan. Mende erdi lehenago, bere aitak bankuaren egoitza eraiki zuen.
Ideia hura, 1950. urtean gauzatu zen. Hiria apaintzeko ekarpen gisa planteatu zen, eta hura osatzen zuten elementuak publizitate-euskarri gisa ez erabiltzeko baldintzarekin baimendu zen lana. Askatasunaren hiribidea eta Hondarribia kalea elkartzen diren tokian, eraikinaren fatxadaren izkina batean, argi termometro bat instalatu zuten. Gutxienez, zero azpitik hamar gradu markatzen zituen, eta gehienez, 45 gradu. Zuen itxura eta tamainagatik, hirian erreferente eta topagune izan zen 1989ra arte. Izan ere, urte horretan su hartu zuen zirkuitulabur baten ondorioz.
Sutearen ostean, matxurak
1950. hamarkadako lehen termometroa kendu ostean, beste bi jarri zituzten. Denboraldi batez hutsik utzi, eta eraikinaren estetika klasikoarekin bat ez zetorren termometro handi bat jarri zen. Hori dela eta, 1997an, bankuaren mendeurrenean egindako zaharberritzearekin batera beste termometro bat instalatu zuten. Azken honek, berriz, arazoak eman zituen.
Termometroa jarri zuen enpresa gailua desinstalatzera eta dirua itzultzera zigortu zuten, funtzionamendu okerra zuelako. 2000. urtean atzeman ziren lehen intzidentziak. Une horretatik aurrera, hainbat gorabehera gertatu ziren aparatuan, eta horrek konponketa handiak eragin zituen 2001. eta 2002. urteetan. Denbora luzez, tenperatura neurtu gabe izan zen bertan, 2007. urtean enpresa zigortu eta kendu zuten arte.