"Normala da lasterketaren aurretik dudak izatea"
Nare psikologia zentroko psikologoa da Amaia Ramirez. Hiru arlotan daude espezializatuta Naren: kirol psikologian, ongizatearenean eta hezkuntzarenean. Pertsona batzuk asko estresatzen dira Behobia-Donostia lasterketa gerturatzen doan heinean, eta nahiz eta normala izan, sentimendu horiek kudeatzen laguntzen dute Nare zentroan.
Kirol arloan, hezkuntzan eta ongizatean espezializatuta daude Nare zentroan. Kirolarekin zerikusia duen pertsona orori laguntza psikologikoa eskaintzen diete, lanean %100a eman ahal izateko, izan profesionalak edo sasoian egoteko kirola egiten duten pertsonak. Eta ez kirolariei soilik, baita entrenatzaileei, zuzendariei eta teknikoei ere.
Naren jasotzen dituzten kirolari askok haien aspektu psikologikoa fisikoa bezain beste landu nahi dute; izan ere, Amaia Ramirez psikologoaren esanetan, kasu batzuetan egoera mentalak fisikoa mugatzen du.
Korrikalarietan zentratuz, Ramirezek dio kirolari asko estresatzen doazela lasterketa hurbiltzen doan heinean. «Gainaktibazioa» deitzen diote fenomeno honi, baina guztiz normala da Ramirezentzat: «Entrenatzen hainbeste denbora ibili ostean, ohikoa da helburu nagusia gerturatzen doanean urduritasun gehiago nabaritzea; kirolaria zalantzatsu dago, ez baitaki entrenamenduak fruituak emango dituen ala ez. Kasu hauetan, emozio hauek ondo kudeatzea oso garrantzitsua da», dio Ramirezek. Honen aurrean, bi ariketa gomendatzen ditu: lehena, egoera hori normalizatzea, eta bigarrena, erlaxazio lanak egitea.
Egoera hau saihesteko bakoitzaren mailaren jabe izatea garrantzitsua dela azpimarratu du Ramirezek: «Gure mailatik oso urrun dauden helburuak jartzen baditugu, ez ditugu beteko, eta orduan estresa eta antsietatea iritsiko dira». Horren aurrean, entrenamendu plan eta helburu «errealista» bat ezartzea ezinbestekoa da Ramirezentzat.
Ramirezek helburu partzialak ere edukitzea gomendatzen du, lasterketari ondo aurre egiteko: «Aldapa batean edo kilometro zehatz batean helburu bat jartzeak lasterketaren orokortasunetik distraitzen du korrikalaria, eta helburu partzial hori betetzean sentsazio ona dugu, geratzen denari motibazio gehiagorekin aurre egiteko».
Balorazioa, hotzean
Lasterketa amaitzean ere emozioak kudeatzea garrantzitsua da Ramirezentzat: «Pertsona asko lasterketa amaitu eta segituan hasten dira egindakoa baloratzen, eta askotan kritikoegiak izaten dira haien buruarekin. Nik pare bat egun itxarotea gomendatzen diet, hotzean baloratzeko».