Paitak Donostiara heldu dira
Hotza iritsi da Donostiara, eta, harekin batera, paita arruntak ere hemen dira. Hain zuzen, Itsas Enara ornitologia elkarteko Xabier Saralegik paita arrunten talde bat ikusi du ostiral goizean Kontxako badian.
Hamabi alek osatutako talde bat zen, eta Saralegik azaldu duenez, ez da batere ohikoa Donostian horren talde handiak ikustea: “Anatida migratzailea da, eta urtero ikusten da aleren bat Kontxako Badian. Hala ere, gaurkoaren moduko talde handia Kontxako badian ikustea zaila da. Egun hauetan, tenperatura jaitsiera dela eta, migrazioa pil-pilean dago, eta zorte pixka batekin hemen ohikoak ez diren txori espezieak ikusteko aukera dugu”.
Horrez gain, hilaren 2an beste espezie migratzaile bat behatu zuten Itsas Enarakoek Donostian, baina ez Kontxan, Antondegin baizik. Hain zuzen, 30 bat atalar ikusi zituzten Antondegiko goiko zelaietan atseden hartzen, ohiko geralekua baita espezie horrentzako, beste askorentzako den moduan.
[es] 30 alcaravanes han estado descansando hoy en la parte alta de Antondegi, parada habitual e importante para esta especie en sus desplazamientos migratorios.
— Itsas Enara Elkartea (@ItsasEnara) November 5, 2021
[eu] 30 atalar atseden hartzen gaur Antondegiko goiko zelaietan, ohiko geralekua espezie honentzako migrazio-garaian. pic.twitter.com/0JXE3AgeQK