Hitzek eta herritarrek elkar eragiteko gunea

Instalazio artistiko berezi bat inauguratu zuten ostiralean Amara Berriko Ernest Lluch Kultur Etxean: Lauki Makala. Ainhoa Juaristi eta Martina Illarreta ingeniariek diseinatutako instalazioa da, kultura eta teknologiaren arteko harremanaren inguruan hausnartzeko helburuarekin. Juaristi industriaren arloan aritutako ingeniaria da, eta Illarreta, aldiz, diseinuaren arloan aritutakoa. Hilaren 14ra arte egongo da ikusgai, Literaktum programaren barruan, 17:00etatik 20:00etara.
Martx Up! proiektuaren laugarren edizioko proiektu bat da Lauki Makala, eta espazioan proiektatzen dituen hitzak eta ikusleak ditu ardatz. Izan ere, ikusleen interakzioa bilatzen du, ikuslea alde batetik bestera mugitzen denean, bere aurrean ikusten dituen hitzak aldatzen doazelako. “Testuak paperetik edo pantailetatik ateraz, beste dimentsio batera eraman nahi dira, edonorentzat eskuragarri den formatu batean, berauen kontsumo azkarra eta, aldi berean, sakona sustatu nahian. Era horretan, unean uneko esperientzia osatzeko, egileek euskal new media eta teknologia berriei ateak ireki nahi dizkiete. Halaber, espazio interaktibo honen bitartez sorkuntza prozesu bat bultzatu nahi dute egileek eta euskal eszenako edukien zabalkunderako erabilgarria izan daitekeen lan ildoa proposatu eta garatu nahi dute”, azaldu du Martx Up!-ek.