Hamar urte urak Loiola, Txomiñenea eta Martutene hartu zituenetik
Gaurko egunez duela hamar urte, 2011ko azaroaren 5eko eta 6ko asteburuan, euri jasa handiak izan ziren, eta Urumea ibaiak gainezka egin zuen Donostian eta Gipuzkoako beste hainbat tokitan. Ez zen lehenengo aldia izan, ezta azkena ere, baina duela hamar urteko uholde haiek herritar guztien memorian iltzatuta gelditu ziren, izugarrizko kalteak eragin baitzituzten leku askotan. Donostian, Loiola, Txomiñenea eta Martutene auzoak izan ziren kaltetuenak, auzo horietako zona asko ibai bihurtu baitziren, urak erabat hartuta.
Txomiñeneko Antzieta pasealekua eta Martuteneko Pilar auzunea izan ziren txikizio handienak jasan zituztenak. IRUTXULOKO HITZA-ko Estitxu Zabala kazetaria han izan zen egun haietan, eta gertatutakoaren kronika osatu zuen hainbat bizilagunekin hitz eginda. Besteak beste, zera zioen Jose Manuel Rodriguezek, Txomiñeneko bizilagunak: “1983ko uholdeak ez ziren hainbestekoak izan, oraingoa izugarria izan da. Ura pixkanaka igotzen hasi zen, etxe guztia bete zuen arte, atzo arratsaldean [igandean]”.
Kalteak izugarri larriak izan ziren. Zabalak argazki ugari egin zituen egun haietan aipatu hiru auzoetan, eta, jarraian, horietako batzuk ikus daitezke: