Euria, ura, lokatza eta haserrea
Loiolan uholdeek kalteren bat eragin badute ere, Txomin Eneako Antzieta pasealekua eta Martuteneko Pilar auzunea izan dira txikizio handienak jasan dituztenak. Bizilagunak atsekabeturik daude, nora jo ez dakitela.
Asteburuko euri jasek urez bete dituzte hiriko hainbat txoko. Ohiko moduan, ibaiaren parean dauden auzoengan izan du eragin handiena; Loiolan, Txomin Enean eta Martutenen. Hala ere, aurreko uholdeetan kalterik izan ez duten hainbat txoko ere urak hartu ditu. Hiru auzo horietara bisita egin zuen Irutxuloko Hitzak atzo goizean, bertako bizilagunen ahotik gertatutakoaren berri izateko. Loiolan uholdeak egon, egon dira, baina bereziki garajeren batetan, denda gutxi batzuetan eta errepideetan eragin du, kalte handiegirik eragin gabe. Hala, Loiolatik Martutenera joateko errepidea itxi egin zuten igande arratsaldean, eta atzo goizean oraindik arazoak zeuden auzo batetik bestera joateko. Aurreko batzuetan gertatu izan den bezala, La Salle ikastetxe pareko errepidean ere sekulako putzua sortu zuen euriak. Etxebizitzetan, ordea, ez da kalterik izan.
Hortik gutxira, Txomin-Enean, sekulako triskantza eragin du Urumea ibaitik ateratako urak. Jose Manuel Rodriguez, Txomineko parkearen ondoko etxe batean bizi da, beste hiru senitartekorekin. Etxebizitza nola geratu zitzaion erakutsi zion egunkari honi. «1983ko uholdeak ez ziren hainbestekoak izan, oraingoa izugarria izan da. Ura pixkanaka igotzen hasi zen, etxe guztia bete zuen arte, atzo arratsaldean [igandean]», gogoratzen zuen Rodriguezek. Altzari eta etxetresna guztiak zisko eginda geratu zitzaizkion. «Larrialdietako telefonora deika aritu nintzen, baina ezin ziguten lagundu», zioen Rodriguezek larrituta. Bidean aurrera eginda, Komatsu enpresaren lokalean, Xabier Agirrezabala zegoen. Bere hitzetan, igandean argia joan arte ez zuten arazorik izan. «19:30ean argia joan zen eta ura ateratzeko genituen bonbek funtzionatzeari utzi zioten», zioen Agirrezabalak. Hortik gertu, Artelekuko kideetako batzuk eraikinari begira zeuden. Ezin zuten besterik egin, ur-putzuak ez zuen eraikinerako bidea ahalbidetzen. Ura bi metroraino irits ziteela uste zuten, eta material asko hondatuta aurkituko zutela.
Antzieta pasealekuko garajeak ere urez beteta zeuden. Auto gehienak garaiz ateratzea lortu zuten arren, baziren bestelako lokalak ondoan, eta tapiz denda bateko materiala, esaterako, erabili ezinik geratu zen. Garajeei begira zegoen Leirek gogorarazi zuenez, igande arratsaldean suhiltzaileak ere harrapatuta geratu ziren. Auto asko futbol kantxan ikus zitezkeen, baina horra ere ura iritsi zen. Kantxaren ondoko Benta Berri etxearen aurrealdea, urez betea zegoen. Ondorioz, behekaldeko Shanti taberna ere urak hartua zegoen. Ainara eta Malen Iparragirre iloba izebak bertako bizilagunak dira, eta atsekabetuta gogoratzen zuten gertatutakoa. «Azken uholdeak 2009koak izan ziren, baina errepideraino iritsi ziren, etxera sartu gabe», zioen Ainarak. Beraien ustez, Astigarraga aldera egindako saihesbide berriak du errua. «Lehen ibaitik bakarrik sartzen zen ura, eta mareak behera egitean, joan egiten zen. Oraingoan, ordea, marea jaitsita ere, ura ez zen joaten», zioen Malenek.
Jose Manuel Sanchez eta Alejo Rolo, suhiltzaileek atera zituzten etxetik. Lehenak bezperan alde egin zuen, baina arropa bila itzuli zen atzo. «Banekien zer gertatuko zen, urtea asko daramatzat hemen bizitzen», zioen Sanchezek. Rolok urtebete baino ez darama Txominen, baina dagoeneko auzoa «guztiz utzita» dagoela konturatzeko denbora izan duela zioen.
Martutene, lokatzez beteta
Martuteneko egoera bestelakoa zen, lokatza baitzen nagusi. Tranbia kaleko Juanjo eta Nagore etxeko ataria garbitzen ari ziren, baina, zorionez, urak ez zien etxebizitza hartu. Ascensionen egoera okerragoa zen, ileapaindegi guztia kaltetu baitzion. «Lehen geratu gabe negarrez aritu naiz, urak dena txikitu dit», gogoratzen zuen Ascensionek. Gertatutakoa kontatzen ari zela, auzotar bat hurbildu zitzaion: «Ba egia esatea nahi baduzu, ilea moztera nentorren, ez nuen uste kalteak honaino iritsi zirenik!». Kaltetuenak Pilar auzuneko etxebizitzak izan ziren, eta nola gainera. Etxebizitza askotan urak metro eta erdi baino gehiagoko altuera hartu zuen. Atzorako ura joana zen arren, etxebizitzetan sortutako kalteak ikus zitezkeen. Bea Orbiso Pilar auzuneko etxebizitza baten jabea da eta tristuraz beteta erakusten zuen gertatutakoa. Armairu guztiak urez beteta zituen eta etxetresna guztiak erabili ezinik. «Oraindik ere euria egiten jarraitzen du, eta zeinek daki berriro ere ura sartuko ote zaigun!». Martuteneko bizilagunek auzoko hainbat ekimenetako kontuak jasotzen dituzten lokal bat dute, eta hori ere urez bete zen.
Comestibles Pedro Aragoneko jabea ere ez zegoen umoreko. Uholdeek 24.000-36.000 euroko kalteak eragin dizkiola zioen. «Denda batentzat beharrezkoa den guztia galdu dut. Hilabete eta erdi pasatakoan, inor, ezta erakunde publikoak ere, ez da urak egindako txikizioaz gogoratuko», Gasolindegiko Jesus Marik ezin zuen sinetsi gertatutakoa. «30 ordutan halako zerbait gertatzea sinesgaitza da. Añarbeko urtegikoena bada errua, honek ez dauka izenik», zioen behin eta berriz.