Javier Cantera zendu da, urte luzez Altzako Historia Mintegian aritutakoa

Altzako Historia Mintegiak jakinarazi duenez, 1995etik mintegiko kide zen Javier Cantera zendu da. “Groseko bizilaguna zen eta altzatarrak zituen ama sustraiak. Altza hobeto ezagutzeko eta bere aldetik ahal zuen guztia emateko gogoz hurbildu zen”, gogoratu dute mintegikoek. Azaldu dutenez, 1995ean Aranzadi Zientzia Elkartean ere bazebilen, eta erakunde horretako zuzendaritzan ere aritu zen, hamabost urtez.
“Metodikoa eta zehatza, eguneroko prentsan Altzako auzoei buruz argitaratutako albisteak karpetetan biltzen eta ordenatzen hasi zen, Tokiko Bildumaren hemeroteka modu garrantzitsuan aberastuz”, nabarmendu dute mintegikoek. Bere zaletasunak eta Niessen enpresari lotutako lan dedikazioa uztartuta, garai hartan berria zen ideia bat sortu zitzaion: Altzako Historia Mintegiaren baitan etxeko eta industria jatorriko objektuen bilduma bat sortzea; Ganbara Bilduma. Era berean, egindako lan guztiarengatik eskerrak eman dizkiote.