Artikutzako urtegia hustu eta bi urtera, eremuaren bilakaera izango dute hizpide igandean
Donostiako Udaleko Ingurumen sailak askotariko bisita gidatuak antolatu ohi ditu Artikutzan, eta urtegia zegoen eremuan izango da aste honetako bisita. Hain zuzen, bi urte pasa dira urtegia hustu zutenetik, eta eremu hori asko aldatu da, besteak beste, landare asko hazi baitira.
Horregatik, igandean egingo duten bisitan urtegia hustu izanaren eta presa kendu izanaren arrazoiak azalduko dituzte, baita historian eremuak bizi dituen aldaketak kontatu ere. Era berean, orain zona hori zein espeziek erabiltzen duten azalduko dute, eta bitxikeria batzuk ere jakinaraziko dituzte. Artikutzako herritik abiatuko da bisita, eta izena emateko epea ostiralera arte, hilaren 12ra arte, egongo da zabalik, udalaren webgunearen bidez.