Kontxa azpiko tuneleko zulaketa lanen atzerapenari buruzko azalpenak eskatu ditu EH Bilduk
EH Bilduk jakinarazi duenez, Kontxa azpiko tunelaren zulaketa lanak geldirik daude, eta dagoeneko “sei hilabeteko atzerapena” pilatu dute. Urriaren 25ean, ELA sindikatuak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean metroko lanetan baldintza txarrak zeudela salatzeko. Agerraldi horretan, ELAk adierazi zuen obra geldirik dagoela.
“ELAren salaketari esker, herritarrek jakin ahal izan dute obrak Kontxaren azpian geldirik daudela. Baina ez da atzerapenaren arrazoiei buruzko jakinarazpen ofizialik egin. Eta, gaur egun, ez dakigu zergatik Kosta Zuzendaritzak oraindik ez duen zulatzeko baimenik eman”, nabarmendu du EH Bilduk. Hori dela eta, udal taldeak udal gobernuari eskatu dio obren jarraipena egiteko batzorde ez iraunkorra deitzeko. “Batzorde hau bi hilabetean behin deitu beharko litzateke, baina legegintzaldi honetan hiru aldiz baino ez da bildu”.
EH Bilduren arabera, Kosta zuzendaritzak ez du baimenik eman Kontxa azpiko zulaketak egiteko. “Eusko Jaurlaritzak bere garaian egindako aurreikuspen guztiak bertan behera utzi ditu. Hasieran jakinarazi zuten zulaketa lanak ekainean hasiko zirela, eta ekaina iristean, aldiz, hurrengo astetan. Atzerapena ikusita, eta informazio gardenik ematen ez badute ere, dagoeneko esan dezakegu Kontxa azpitik tunela egiteko bigarren saiakeran ere arazo larriak agertu direla”.