"Duela urtebete telebistatik ikusten nituen horiekin aritu naiz korrika aurten"
Sara Alonso (Donostia, 1999) mendi korrikalaria da. Duela urtebete hasi zen lehen lasterketak egiten, eta maila gorenean lehiatzera iritsi da denbora gutxian. Irutxuloko Hitzak elkarrizketa egin dio azken urte honetan lortutakoaren berri izateko eta bihar argitaratuko da webgunean eta astekarian.
Futbolarekin hasi, atletismora igaro, eta, azkenik, mendi lasterketak egiten amaitu duzu. Nola egin duzu bidea?
Futbolean jokatzen hasi nintzenean, Pulmón ezizena jarri zidaten. Egia esan, egokia zen niretzat: korrika egiten nintzen ona, baloiarekin ez hainbeste. Sei urteren ondoren, aspertu egin nintzen, eta atletismoan sartzea erabaki nuen. Nire aita betidanik izan da korrikalaria, Behobia-Donostia urte luzez egin du, eta horrek bultzatuta, atletismoan izena eman nuen. Entrenatzaileak, ordea, ez zidan fitxa egin nahi izan. 16 urte nituen, jada ez nintzen hain gaztea, eta lehenago hasi eta ikasteko prozesu bat pasa behar zela zioten. Urte horretan, Gazte Behobian hartu nuen parte eta hirugarren geratu nintzen, eta fitxa egin zidaten.
Uda garaia iritsi zenean, 3.000 metroko oztopo lasterketa egin nahi nuen, baina hasieran entrenatzaileak ez zidan utzi. Azkenean, bertara joan, eta Espainiako txapelketan zazpigarren geratu nintzen. Hortik aurrera, serioago hartu ninduten. Hurrengo urtean, seigarren geratu nintzen, eta hurrengo bietan bigarren.
Berrogeialdia iritsi zenean, ordea, etxean asperturik nengoela, mendi lasterketen bideoak ikusten hasi nintzen. Pandemia bukatzean, zegoen lehenengo lasterketan eman nuen izena, Canfrancen. Irteera mailakatuetan 190.a atera nintzen 200dik, faboritoengandik ordubete baino gehiagora. Espainiar guztien artean lehena iritsi nintzen, Gisela Carrionen aurretik, hilabete beranduago Espainiako txapeldun geratu zena. Lasterketako bigarrena izan nintzen. Une horretan pentsatu nuen, ‘uste baino hobeto moldatzen naiz mendian’. Abenduan, Espainiako Federazio Autonomikoen txapelketa egin zen Eivissan, baina Euskadiko taldea ez zen joan, eta nik nire kabuz joatea erabaki nuen. Lehenengoa iritsi nintzen helmugara.
Urtebetean, nazioarteko lasterketan parte hartzera iritsi zara. Zer moduz joan da denboraldia?
Golden Trail txapelketan parte hartu nuen, bertan zirkuitu nazionala eta nazioartekoa daude. Hasiera batean, nire asmoa nazionalean parte hartzea zen. Lehena Olla de Nurian izan zen, eta hamaikagarren geratu nintzen, ia lehenengo hamarren artean. Hori dela eta, nazioarteko Dolomitetako lasterketara joan nintzen, eta bederatzigarren geratu nintzen. Handik, lasterketa garrantzitsuenetako batera joan nintzen, Sierre Zinalera, Suitzara. Hamaikagarren postua eskuratu nuen. Ondoren, Alemaniara joan nintzen, Chiemgau Trail Runera, eta hirugarren iritsi nintzen.
Halako lasterketa batean emaitza hori lotzea ikaragarria izan zen niretzat. Azkenik, Ipar Euskal Herriko Skyrhune lasterketa egin nuen, eta berriz ere, hirugarren postua eskuratu nuen. Hala, finalera sartzeko aukera izan nuen.
Pozik zaude lortutako emaitzekin?
Noski. Finalaren ostean, Espainiako Federazioarekin Nazio Arteko Kopara joan nintzen, Italiara. Lau emakume joan ginen, eta horien artean lehenengoa geratu nintzen. Beste bi korrikalari joan behar ziren hasiera batean, baina izan dituzten lesioen ondorioz ezin izan zuten, eta horregatik nengoen ni hor. Hala ere, lauron artean lehena iritsi nintzen, eta 23 urte azpikoen kategoriako lehena izan nintzen. Gizonen eta emakumeen artean ni izan nintzen Top 10 egin zuen bakarra, oso pozik nago lortutako emaitzarekin.
Aurrera begira jarriz, zeintzuk dira zure helburuak?
Nire asmoa Thailandiara joatea da, munduko txapelketara. Ez dakigu oraindik noiz izango den, baina ikaragarri gustatuko litzaidake. Pandemia dela eta, datorren otsailean egingo zela jakinarazi ziguten. Duela egun batzuk, ordea, hori ere bertan behera geratu dela abisatu zuten. Pena handia ematen dit Europako azken bi txapelketak ere bertan behera geratu direlako. Horrek niri kalte egiten dit gainera, ezin dut bekarik eskatu.