"Emozio askoko urtea izan da, bakarra eta errepikaezina"
Sara Alonso (Donostia, 1999) duela urtebete hasi zen mendi lasterketak egiten, eta berehala egin du salto maila gorenera. Golden World Trail Series txapelketan hartu du parte, eta finalera iritsi zen lehen hamarren artean. Lortutako emaitzek segurtasuna eman diote, eta datozen urteak lasterketetan profesionalki aritzera bideratu nahi ditu.
Futbolarekin hasi, atletismora igaro, eta, azkenik, mendi lasterketak egiten amaitu duzu. Nola egin duzu bidea?
Futbolean jokatzen hasi nintzenean, Pulmón ezizena jarri zidaten. Egia esan, egokia zen niretzat: korrika egiten nintzen ona, baloiarekin ez hainbeste. Sei urteren ondoren, aspertu egin nintzen, eta atletismoan sartzea erabaki nuen. Nire aita betidanik izan da korrikalaria, Behobia-Donostia urte luzez egin du, eta horrek bultzatuta, atletismoan izena eman nuen. Entrenatzaileak, ordea, ez zidan fitxa egin nahi izan. 16 urte nituen, jada ez nintzen hain gaztea, eta lehenago hasi eta ikasteko prozesu bat pasa behar zela zioten. Urte horretan, Gazte Behobian hartu nuen parte eta hirugarren geratu nintzen, eta fitxa egin zidaten.
Uda garaia iritsi zenean, 3.000 metroko oztopo lasterketa egin nahi nuen, baina hasieran entrenatzaileak ez zidan utzi. Azkenean, bertara joan, eta Espainiako txapelketan zazpigarren geratu nintzen. Hortik aurrera, serioago hartu ninduten. Hurrengo urtean, seigarren geratu nintzen, eta hurrengo bietan bigarren.
Berrogeialdia iritsi zenean, ordea, etxean asperturik nengoela, mendi lasterketen bideoak ikusten hasi nintzen. Pandemia bukatzean, zegoen lehenengo lasterketan eman nuen izena, Canfrancen. Irteera mailakatuetan 190.a atera nintzen 200dik, faboritoengandik ordubete baino gehiagora. Espainiar guztien artean lehena iritsi nintzen, Gisela Carrionen aurretik, hilabete beranduago Espainiako txapeldun geratu zena. Lasterketako bigarrena izan nintzen. Une horretan pentsatu nuen, ‘uste baino hobeto moldatzen naiz mendian’. Abenduan, Espainiako Federazio Autonomikoen txapelketa egin zen Eivissan, baina Euskadiko taldea ez zen joan, eta nik nire kabuz joatea erabaki nuen. Lehenengoa iritsi nintzen helmugara.
2020ko irailean izan zen Canfranceko lasterketa. Nola bizi izan zenuen zure estreinaldia?
Lasterketa herrikoi batzuk egin nituen aurretik, baina serio egiten nuen lehena izan zen. Atletismoan marka onak ditut, eta banekien egin ahalko nuela. Bakarrik joan nintzenez, arraroa izan zen. Ez nuen material nahikorik: aurreko egunean gasolindegi batean eskularru batzuk erosi behar izan nituen, eta beste bati benda eskatu behar izan nion. Mauka luzeko kamiseta moduan, pijama gisa erabiltzen nuen bat hartu nuen. Nire motxila tamalgarria zen.
Sorpresa izan zen niretzat gertatutakoa. Ilusio handia izan nuen. Salomon marka babesten hasi zitzaidan, eta handik Espainiako txapelketara joan nintzen.
Aurten hasi naiz serio mendian entrenatzen. Azken urtetan Lleidan bizi izan naiz, eta estatuko hiri lauenetako bat da. Beraz, nik ez nuen sekula mendian entrenatu, eta helburutzat jarri nuen hori. Aurten ez dut oztopo lasterketarik, krosik edo halakorik egin.
Urtebetean, nazioarteko lasterketan parte hartzera iritsi zara. Zer moduz joan da denboraldia?
Golden Trail txapelketan parte hartu nuen, bertan zirkuitu nazionala eta nazioartekoa daude. Hasiera batean, nire asmoa nazionalean parte hartzea zen. Lehena Olla de Nurian izan zen, eta hamaikagarren geratu nintzen, ia lehenengo hamarren artean. Hori dela eta, nazioarteko Dolomitetako lasterketara joan nintzen, eta bederatzigarren geratu nintzen. Handik, lasterketa garrantzitsuenetako batera joan nintzen, Sierre Zinalera, Suitzara. Hamaikagarren postua eskuratu nuen. Ondoren, Alemaniara joan nintzen, Chiemgau Trail Runera, eta hirugarren iritsi nintzen.
Halako lasterketa batean emaitza hori lotzea ikaragarria izan zen niretzat. Azkenik, Ipar Euskal Herriko Skyrhune lasterketa egin nuen, eta berriz ere, hirugarren postua eskuratu nuen. Hala, finalera sartzeko aukera izan nuen.
Golden Trail World Serieseko finala El Hierron egin zen. Nolako lasterketa izan zen?
Bero kolpea izan nuen. Oso lasterketa gogorra izan zen: hiru korrikalarik ospitalean amaitu zuten. Banekien helmugara iristen banintzen lehenengo hamarren artean geratuko nintzela, baina izugarri sufritu behar izan nuen iristeko. Botaka egin nuen. Negarrez, zorabiaturik eta oso egoera txarrean iritsi nintzen helmugara. Ez nuen sekula egun hartan bezain gaizki pasa. Lastekerketa primeran hasi nuen, laugarrena nindoan. Baina ezin izan nuen. Zorte txarra. Hala ere, primeran pasa nuen.
Pozik zaude lortutako emaitzekin?
Noski. Finalaren ostean, Espainiako Federazioarekin Nazio Arteko Kopara joan nintzen, Italiara. Lau emakume joan ginen, eta horien artean lehenengoa geratu nintzen. Beste bi korrikalari joan behar ziren hasiera batean, baina izan dituzten lesioen ondorioz ezin izan zuten, eta horregatik nengoen ni hor. Hala ere, lauron artean lehena iritsi nintzen, eta 23 urte azpikoen kategoriako lehena izan nintzen. Gizonen eta emakumeen artean ni izan nintzen Top 10 egin zuen bakarra, oso pozik nago lortutako emaitzarekin.
Egindako lasterketen artean, badago baten bat berezia izan dena zuretzat?
Niretzat Skyrhune oso berezia izan zen. Larrunen izan zen, eta Donostiatik gertu ginen. Aurreko asteburuak bertan entrenatzen igaro nituen, eta asko prestatu nintzen lasterketarako. Lagun eta familiako kide ugari gerturatu ziren. Helmugara iristean denak han ikustea ikaragarria izan zen niretzat.
Alemaniako lasterketa ere berezia izan zen. Ordura arteko emaitzak onak ziren, baina ohituta nengoen hamaikagarren edo hamargarren iristera. Han, ordea, hirugarrena izan nintzen, eta horrek ezagunagoa egin ninduen. Une horretan, nire buruarengan gehiago sinisten hasi nintzen. Perspektiba aldatu zidan.
Urte honetan zehar gertatutako anekdota berezirik duzu buruan?
Duela urtebete telebistatik ikusten nituen horiekin aritu naiz korrika aurten. Oso korrikalari onak, profesionalak.
Suitzan, esaterako, Killian Jornetekin bazkaldu nuen. Ondoren, niretzat idoloak ziren horiekin parranda egin nuen. Nik 22 urte besterik ez ditut, eta zirrara sorrarazten dit horrek. Nire lehen urtean jende profesionalarekin aritzea ikaragarria izan da. Oso urte berezia izan da.
Nola bizi dituzu lasterketaren aurreko uneak?
Urduritasunez beteriko uneak bizi ditut, eta urduritasuna beste modu batera eramaten ikasi behar dut. Oso urduri jarri nintzen Alemaniako lasterketa baino lehen. Izan ere, 44km ziren, eta ez nuen sekula halakorik egin. Ez nekien helmugara iristeko gai izango nintzenik ere.
Duela urtebete Instagramen 1.000 jarraitzaile nituen; orain, 12.000. Orain jendeak ezagutzen nau, espektatibak dituzte. Badakizu jende askok jarraitzen zaituela eta horrek urduritasuna areagotzen du. Nik ahalik eta hoberen egin nahi ditut gauzak, eta beraz, urduri jartzea normala da.
Astebete lehenago urduritasuna nabaritzen hasten naiz askotan. Alemanian, adibidez, lasterketaren aurreko egunean gorputz txarra nuen, zorabiatuta nengoen eta koronabirusa nuela pentsatu nuen. Farmaziara joan nintzen test azkar bat egitera. Orain badakit urduritasuna zela.
Asko aldatu behar izan duzu zure egunerokoa?
Lehen unibertsitateko ikasle sentitzen nintzen. Orain, ordea, pixka bat arraro sentitzen naiz. Igande batean esaterako, goizeko 06:00etan jaikitzen naiz mendira joateko eta nire pisukideak parrandatik itzultzen ari dira ordu horretan.
Orain Kanaria uharteetan nago. Hemen denak ari dira festan eta txangoetan pentsatzen, eta nire pentsamendua ondorengoa da: ‘Gaur 22:00etarako etxean egon nahi dut, bihar goiz esnatzeko’. Hala ere, zoriontsu bizi naiz. Nik bizi dut jada unibertsitateko esperientzia hori. Nahikoa izan dut. Orain, egunero entrenatzen dut, eta astero ehun bat kilometro egiten ditut.
Zer berezitasun ditu zuretzat mendi lasterketak?
Niretzat adierazgarriena, erlojuaren presio eza da. Helburua helmugara iristea da. Lasterketa bakoitza mundu bat da. Euria egin dezake, elurra edo bero izugarria. Ordulariak ez du axola, atletismoarekin alderatuz bestelako pentsamolde bat da.
Hasieran, denborarena oso presente nuen eta beste hainbat gauza ez nituen kontuan hartzen, atletismoko mentalitatea nuelako. Jendea ere oso ezberdina da. Lagun asko egin ditut urte honetan. Giroa ere bestelakoa da, ez dago hainbesteko lehiakortasunik. Eta, gainera, sekulako lekuak bisitatzen dira, izugarrizko paisaia ederrak ikusi ditut aurten.
Zer da helmugara iristean sentitzen duzuna?
Korrika egitea ez da kirol dibertigarriena, baina bai atsegingarriena. Bereziki, helmuga zeharkatzen duzunean. Atzean dagoen lana, sakrifizioa, zainketa, entrenamendua, esfortzua, helburuak… Helmugara iristean hori guztia etortzen zaizu burura.
Zein da mendi lasterketak hobekien deskribatzen dituen hitza?
Askatasuna.
Urtea amaitu baino lehen beste lasterketarik egingo duzu?
Aurtengo denboraldia amaitu da jada. Hala ere, Donostiako Atletiko klubaren kros taldea Espainiako Txapelketara joateko sailkatu zen, eta haiekin joango naiz Sevillara datorren astean. Santurtziko lasterketa batean ere parte hartuko dut bi aste barru. 15 km-ko lasterketa da, eta beldurra dut, aspaldi ez dudalako halako lasterketa bat egiten.
Azkenik, San Silvestre lasterketa egingo dut Donostian. Datorren urterako lehen helburua, ordea, Kanarietako mendi lasterketa ezagun bat izango da, martxoan.
Behobia-Donostia egingo da asteburu honetan.
Askok galdetu didate ea parte hartuko dudan, baina ez dut joateko aukerarik. Pena da, baina ez dut denborarik. Ez dut bost eguneko atsedenik izan oraindik, eta beharra daukat. Behobia-Donostia gustuko dut gainera, urte batean lehen hamarren artean geratu nintzen.
Euskal Herrian badira zu bezala mendi lasterketan arrakasta izaten ari diren emakume gazteak. Nola ikusten duzu bertako testuingurua?
Sekulako maila dago. Duela urtebete, Eivissara bakarrik joan nintzen, baina irabazteko aukera izango genuke talde moduan joan izan bagina.
EAEko maila oso altua da: Oihana Kortazar, Lide Urrestarazu, Irati Zubizarreta, Onditz Iturbe… Iratik, Lidek eta nik adin antzekoa dugu. Txapelketa gutxi izan direnez, ez dut Liderekin eta Iratirekin asko kointziditu. Iratirekin, esaterako, behin bakarrik lehiatu dut Olla de Nurian. Lehenagotik ezagutzen nituen krosetik. Berrogeialdian kontatu nien mendi lasterketetan hasiko nintzela, eta, behin, haiekin entrenatzera joan nintzen.
Lleidan hasi zinen eta orain, Kanaria uharteetan bizi zara entrenamenduak eta ikasketak uztartuz. Donostiatik kanpo irudikatzen duzu zeure burua?
Donostian ez dut neure burua ikusten, euri gehiegi egiten du. Donostia gustatzen zait baina ez dut neure burua han ikusten. Horrexegatik etorri naiz Kanarietara, hemen 25 gradu eta eguraldi ona egiten ditu beti.
Hala ere, ez dut uste hemen luzerako geldituko naizenik. Nire asmoa, ahal badut behintzat, datozen bi urteetan lasterketetan profesionalki aritzea da, eta, beraz, asko aldatu beharko dut lekuz.
Urte honetan zure bizitzak aldaketa ugari jasan ditu. Nola erantzun du zure inguruak?
Nire ingurua txundituta dago nirekin. Duela urtebete Lleidan nituen pisukideek galdetzen didate, ‘Sara, noiz egin zara hain profesionala?’.Denbora gutxian gertatu da dena, eta nik ere ez dakit.
Nire aitak, esaterako, izugarri bizi du. Nire gurasoak lasterketa guztietara etorri dira, ez dute bat ere galtzen, eta ikaragarri gustuko dute. Denboraldia amaitu zenean nire aitak esan zidan: ‘Amaitu dira lasterketak? Zer egingo dut nik orain?’.
Noizbait irudikatu zenuen zeure burua halako emaitzak lortzen?
Inola ere ez. Nola pentsatuko nuen nik hori? Goitik beherako aldaketa eman du denak urtebetean. Emozio askoko urtea izan da, onak eta txarrak. Askotan ez nuen ondo lo egiten, sentitzen nuen presioagatik. Babesleak, lasterketak, sare sozialak, deiak, unibertsitatea… Saturatuta nengoela sentitzen nuen.
Gau batzuetan hiru ordu besterik ez nituen lo egiten, gauza gehiegi nituen buruan. Hala ere, %95a positiboa izan da, txarra %5a besterik ez da izan.
Aurrera begira jarriz, zeintzuk dira zure helburuak?
Nire asmoa Thailandiara joatea da, munduko txapelketara. Ez dakigu oraindik noiz izango den, baina ikaragarri gustatuko litzaidake. Pandemia dela eta, datorren otsailean egingo zela jakinarazi ziguten. Duela egun batzuk, ordea, hori ere bertan behera geratu dela abisatu zuten. Pena handia ematen dit Europako azken bi txapelketak ere bertan behera geratu direlako. Horrek niri kalte egiten dit gainera, ezin dut bekarik eskatu.