Erreginaren kopatik kanpo geratu da Reala, Egararen aurka 4-2 galdu ostean

Gaur hasi da denboraldi honetako Erreginaren kopako azken fasea Bartzelonan, eta Reala kanpoan geratu da lehen kanporaketan, final laurdenetan. Egara taldearen aurka jokatu dute txuri-urdinek, eta 4-2 galdu dute. Hau dela eta, kopatik kanpo geratu dira, eta hemendik aurrera ligan zentratuko dira. Terrassako taldea 3-0 irabazten hasi da, baina Realak bi gol egin eta gerturatzea lortu du. Hala ere, Egarak beste gol bat egitea lortu du, eta azkenean 4-2 amaitu da partida.
Liga ere Egearen aurka hasi zuten txuri-urdinek, eta 1-0 galdu zuten, baina bigarren partidan iritsi zen lehen garaipena. Sardineroren aurka izan zen, 3-1eko emaitzarekin. Hirugarren jardunaldian ere irabazi egin zuen Realak Bartzelonaren aurka, 0-5, baina ordutik ez du beste partidarik irabaztea lortu. Azken jardunaldian berdindu egin zuten neskek Taburienteren aurka.
Emaitza horiekin, zortzigarren postuan da Reala, hamarreko ligan. Zazpi puntu dituzte, bederatzigarrenak bezala, eta azken postuan Bartzelona dago, partida guztiak galduta. Ligaren erdia jokatu dute jada, eta beste bederatzi partida geratzen zaizkie txuri-urdinei liga amaitzeko.